'Straight Voice', 2020ko World Press Photo lehiaketako argazki irabazlea

Bizkaie! 2020-10-20 08:10   Kulturea

World Press Photo erakusketea Gasteizen, Montehermoso Kulturunean dago ikusgai.

'Straight Voice', 2020ko World Press Photo lehiaketako argazki irabazlea (Yasuyoshi Chiba). AFP | Ikusi handiago | Argazki originala

World Press Photo prentsa-argazkilaritzearen lehiaketarik ospetsu eta garrantzitsuena da munduan, Amsterdamen sortu eben 1955. urtean. Erakunde independentea da eta helburua kalidadezko prentsa-argazkilaritzearen bidez mundua ulertzen laguntzea da helburua. Prentsa-argazkilaritzeagaz zerikusia daben jarduera hezigarri eta profesional ugari atontzen ditu eta urteko erakusketea izaten da horreen artean nagusi. Beraz, argazki irabazleen erakusketea Amsterdamen hasi eta urtean zehar munduko 100 uri eta 45 herrialdetan izango da ikusgai. Danetara, 4 miloo personak baino gehiagok ikusiko dabe. Aurtengo argazki irabazleak nazinoarteko 4.282 argazkilarik egin eta lehiaketara aurkeztutako 73.996 argazkien artean hautatu dira.

Bilduma 8 kategoriatan banatzen da, besteak beste, Gaurko gaiak, Albisteak, Epe Luzeko Proiektuak, Naturea, Kirolak eta Erretratuak. World Press Photo 2020an hiru argumentu-arlo nagusi ikusten dira: herritarren protesta orokortuak, gazteak protagonista dirala (Irak, Sudan, Hong Kong, Txile, Aljeria), eta naturea, zurtz eginda ixten gaituen istorioakaz. Gai sozialak be azaltzen dira erreportajeetan, adibidez: zaharren bakardadea, abortua Bielorrusian zein Korana osorik buruz ikasten daben ikasleak.

WPPren edizino honetan, ikus daiteke ez dagoala gatazka belikoetan lortutako gordintasun handiko irudi zuzenen erreportajerik eta bai, ostera, erretratu eta lan personal eta intimista ugari. Aukeratutako 44 argazkilarietatik hiru espainiarrak dira: Ramon Espinosa (Dorian urakanari buruzko irudia); Antonio Pizarro (katamotz iberiarrari buruzko irudia) eta Ricardo Garcia Vilanova (Irakeko protesta baten ostean konorterik barik egoan gizon baten argazkia).


Kazetaritza grafiko dokumentalaren indarrez beteak

Epaimahaikideek irudi esanguratsuak, parebakoak eta gogoangarriak gura ditue. Orain, urteko argazki onenaren World Press Photo Saria Yasuyoshi Chiba japoniarrarentzat izan da, Straight Voice, Agence France-Presse albiste agentziak argitaratua. Gazte batek, eskuko telefonoek argituta, poesia erreziteta dau, bitartean, manifestariak aldarrikapenak zabaltzen dabiz gobernu zibila eskatzeko, Khartum-en (Sudan), 2019ko bagilaren 19an. Urte haretako apirilean estadu kolpe batek Omar Hasan al Bashir boteretik kendu eta junta militar batek hartu eban boterea.


World Press Photo erakusketea (Gasteizen, Montehermoso Kulturunean)

Erakusketea astelehenetik barikura bisitetako, sartzea librea da edukierea bete arte; ez da beharrezkoa aldez aurretik erreserbarik egitea, ezta gonbidapenik eskatzea be.

Erakusketea zapatu eta domeketan bisitaetako, gonbidapena behar da (doban) eta sarreran erakutsi.

Gonbidapena deskargau edo 945 161619 telefonoan eskatu (astelehenetik domekara 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara).

Telefonoaren bidez jasoten diran datu personalak Entradium aplikazinoan sartuko dira.

Gonbidapenak aukeratutako egunerako eta ordu-tarterako baino ez dau balio. Ordu-tartea amaitu ondoren, erakusketa-aretotik urten beharko da.

Argazkiak egin daitekez edo bideoak grabau, norberaren erabilerarako, flashik edo tripoderik erabili barik, baldin eta artisteak baimena emon badau.

Obra guztiek jabetza intelektualaren eskubideak ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu