Jose Ramon Etxebarria, Eusko Ikaskuntzaren 2020ko Manuel Lekuona Saria

Bizkaie! 2020-10-19 09:36   Kulturea

Etxebarriak ekarpen nabarmena egin dau euskerearen normalizazinoan zientzietako goi-mailako hezkuntzan.

Jose Ramon Etxebarria eta Ana Urkiza | Ikusi handiago | Argazki originala

Ingjinerua formakuntzaz, ekarpen nabarmena egin dau euskerearen normalizazinoan zientzietako goi-mailako hezkuntzan. Etxebarriak euskerea irakaskuntzan eta unibersidadeko ikerketan sartzea ahalbidetu eta euskal komunidade zientifikoaren erabilerarako terminologia ezartzen lagundu dau.

Eusko Ikaskuntzak 2020ko Manuel Lekuona Saria Jose Ramon Etxebarriari emon deutso. Sari honen bitartez, autortu egin jako euskerearen normalizazinoan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala eta euskal kulturearen aurrean dauen konpromiso adierazgarria, baita haren obrearen dibulgazinoa be.

1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Injinerutzea ikasi eban Bilboko Injinerutza Goi Eskolan, eta 1987an EHUn doktorau zan. 1973an Udako Euskal Unibersidadearen sorkuntzan parte hartu  eta bertako irakasle izan zan. EHUko Bilboko Unibersidadeko Zientzia Fakultadean eta Bilboko Injinerutza Goi Eskolan klaseak emon zituan, 2018an erretiroa hartu eban arte.

Zientzia eta teknologiagaz lotutako testuak euskeraz lantzen ibili da bere ibilbide osoan. Esangura horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Jose Ramon Etxebarriak unibersidadeko ikerketa eta irakaskuntzearen arloan euskerearen normalizazinoari egindako ekarpen garrantzitsua balorau dau, komunidade zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu dauelako, komunikazino globalaren teknologia barrien laguntzaz.

Gtxienez 18 liburu eta 22 liburuen kapituluak idatzi ditu; era berean, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu sinatu ditu, batez be, Anaitasuna aldizkarian. Euskal komunidade zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago batzen ditu.

Itzulpengintza eta hezkuntza- eta dibulgazino-liburuen edizinoa be landu ditu. Erretiroa hartu ebanetik, Wikilari ibili da fisikeagaz lotutako esparruan.

Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria irabazi eban, zientzia gizarteratzeko egindako lanagaitik.

Aurreko guztiak arrazoi, bere giza-konpromisoa eta alderdi anitzetik zabaldutako ekintza kulturalagaz batera, Eusko Ikaskuntzeak 1983an eratutako Sariaren palmaresean sartzeko bide emon ddeutse. Holan, Jose Ramon Etxebarria ibilbide esanguratsu eta balio unibersaleko pertsonen zerrendara batu da.

Azpimarratzekoa da aurtengo edizinoa parte-hartze handienetakoa izan dela 2014an Lekuona Sariaren hautaketa herritarrei botoa emoteko eskubidea emon eutsenetik. Epaimahai instituzionala honako honeek osotu dabe: Euskal Kultur Erakundea, J.M. Barandiaran Fundazinoa, Vianako Printzea Erakundea, Euskalerriko Adiskideen Alkartea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Eresbil.

Manuel Lekuona Saria irudikatzen dauen Remigio Mendiburuk diseinautako eskulturea emoteko ekitaldia oraindino zehaztu barik dagoan lekuan eta egunean egingo da.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dabenen artean, igaz Xabier Amuriza bertsolaria eta Jean Haritschelhar (2004) nabarmenduko doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu