Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdia hemen da
2020-10-15 11:05 KultureaHautatutako 84 lanak urriaren 15etik 22ra ikusi ahal izango dira Bilbon eta beste leku batzuetan.
Ezohiko urte honetan, Jaialdia antolatu dauen KCD GGKEk eutsi egin deutso genero-orekea dauen programazino bat eskaintzeko konpromisoari. Danetara, 450 proiekzino izango dira eta hautatutako 84 lanon artean, ia erdiotan zuzendari edo zuzendarikideak emakumeak dira.
Egun batetik bestera, mundua eraldatu egin da, lehen zinema jaialdi publikoaren 125. urteurrena ospatzeko modu bitxia. 1895. urtean, Lumière anaien ‘Langileak lantokitik urtetan’ filmak mugarri bat ezarri eban, izan be, urtetan egozanak emakumeak ziran, gogorarazo dau jaialdiko zuzendari Juan Carlos Vázquez Velascok: Ordutik, zinemeak gauza benetan barria lortu eban: mundu paraleloak sortu zituan, beste dimensino batzuk, mundu errealean personen inkontziente kolektiboan eragiteko ahalmen handia ebenak eta miloeka personaren errealidadearen pertzepzinoa moldatu dau bere historia laburrean, adierazo dau.
Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEk bultzatu dau jaialdia eta Bilboko Golem Alondiga aretoetan izango dira proiekzinoak. Dana dala, aldez aurreko emanaldiak eta emanaldi paraleloak ere egingo dira beste egoitza batzuetan.
Nazino Batuek proponidu dituen eta aurten 5. urteurrena beteko daben Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) bultzatzaile handia izan daiteke. Urteurren horrek gogorarazoten deusku 10 urte geratzen dirala Garapen Jasangarrirako 17 helburuak beteteko. Helburu horreek guztiak oso lotuta dagoz jaialdiko lau ardatz tematikoakaz: Garapen jasangarria, Genero-bardintasuna, Kulturartekotasuna eta Giza eskubideak, zehaztu dau Vázquez Velascok.
Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Bardintasun sailburuak, festibal honek interkulturalidadea, genero ikuspegia eta herri ezbardinen arteko garapen jasangarria sustatzen dituala esan dau, giza eskubideen defentsa sendoa eginez, beraz, gure Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sail barriaren helburuakaz bat egiten dau.
Hamabigarren edizio honetan, mila obra baino gehiago aurkeztu dira lehiaketan parte hartzeko eta hirutik baten zuzendaria edo zuzendarikidea emakume bat da. 1.053 proiektu aurkeztu badira be, 84 hautatu dira eta emakumeen ordezkaritzea ikusgai egongo diran filmen % 45era helduko da.
Bilbon, Barakaldon, Elorrion, Erandion, Getxon, Iurretan, Leioan, Mungian, Portugaleten, Sestaon eta Gasteizen be izango dira proiekzinoak.
Inaugurazino-galea bihar izango da, hilak 15, 19:30ean, Azkuna Zentroa; bertan, lau film labur ikusiko dira, baita Mateoren ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren azken film laburra. Biak Moriarti etxearen fundatzaileak dira eta sari ugari jasotako filmak egin ditue: La Trinchera infinita, Handia eta Loreak. Ekitaldiaren barruan, oso saio bereziak izango ditugu Maribel Salas, Asier Hormaza, Sol Maguna, Gemma Martínez eta Mitxel Santamarina aktoreen eskutik. Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Garapenerako Lankidetzearen Euskal Agentziako ordezkariak be izango dira.
Sariak emoteko galea, barriz, urriaren 22an egingo da, 19:30ean eta leku berean. Bertan, 19.500 euroko balioa daben 11 sari emongo ditue. Horretarako, 10 euskal erakundek emon dabe dirulaguntzinoa. Ekitaldia Afrika Bibang eta Nomadak taldearen musikeak girotuko dau eta esker ona adierazoko jake IES MUNGIA BHIri eta Azkuna Zentroari, jaialdiari erakutsitako 10 urteko konpromisoagaitik, baita Tartanga BHIko zuzendari ohi Jose Ramón Ibabe Pérezi be, antolatzaileei emondako konfidantza eta babesagaitik. Ekitaldian, honako honeek izango dira: Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz; Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia Bergaretxe; Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasuneko diputadu Teresa Laespada Martínez; Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Miren Irune Muguruza Mendarte eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun Jimeno.
Ordutegi-aldaketea
COVID-19ari aurre egiteko prebentzino-neurriak dirala eta, jaialdiak ordutegi barria izango dau Bilboko Gólem Zinemen egoitza nagusian. Saioak 16:15ean, 18:30ean eta 20:45ean izango dira. Hori dala eta, filmen zuzendariakaz egiten izan diran eta oso gogokoak diran foroak azken saioan egingo dira.
Palmaresa eta argazki-erakusketea
Ikusi ahal izango diran filmetatik, 30 fikzinokoak dira, 50 dokumentalak, 6 animazinokoak eta bideoklip bat. Bestalde, hautatutako obretatik, 8 euskeraz egin dira, 20 Afrikakoak dira eta gehienek azpitituluak ditue.
Lehen aldiz, palmaresa online formatuan eta doban egongo da eskuragarri. Film irabazleak urriaren 26tik 30era bitarten ikusi ahal izango dira www.filmsozialakstreaming.org plataforma digitalaren bidez.
Jaialdiaren aldi berean, El parlamento de las mujeres de África argazki-erakusketea egongo da ikusgai Bilboko Zabalguneko eraikinean. Afrikako artista ez-profesionalen erakusketa horretan, Afrikako hainbat herrialdetako herritarren erretratuak eta eguneroko momentuakikusi ahal izango dira. Artista gazte horreek, beren kameren eta begiraden bitartez, emakumeen eskubideei eta genero-desbardintasunei lotutako gaien inguruan sensibilizau eta egoera horreek salatzen ditue. Erakusketearen aurkezpenean, Mamadou Gomis komisarioa izango dogu, Afrikako Argazki Artearen Federazinoaren (FAAP) presidentea eta sortzailea eta proiektu honen bultzatzailea.
Erakusketaren inaugurazinoa gaur egingo da, urriak 14, 19:00etan eta bertan izango dira Emakundeko zuzendari nagusi Izaskun Landaida Larizgoitia, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendari Ignacio Rodríguez Puertas eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zuzendari Alberto Ruiz de Azua. Erakusketea astelehenetik zapatura egongo da zabalik, datorren zemendiaren 4ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!