Hamabost adituk aztertu dabe immigrazinoa-euskerea bikotea Hermes aldizkarian

Bizkaie! 2020-10-14 13:33   Kulturea

Euskerea kohesino-hizkuntzea izatea nahitaezkoa da gero eta bardinkideagoa dan gizartean.

Euskerearen bizibarritzea aurrera doa gizartearen arlo guztietan eta beste herrialde batzuetatik etorritako milaka lagun bizi dira gure artean eta horrek hainbat aldaketa eta ondorio ekarri ditu arlo guztietara, baita hizkuntzearen arlora be.

Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakian (65), hamabost adituk gai horri buruzko gogoetea egin eta galdera honeei erantzuten saiatu dira: Jakin dogu etorkinak euskerara erakarten? Eta, etorkinen ikuspuntutik, zertarako balio deutse euskereak? Aditu guztiek uste dabe erronkea dala hizkuntza-komunidade indartsu, edegi, koloreanitz eta
erakargarria eregitea.

Joan dan abenduan, Covid-19ak sorrarazotako krisia hasi baino apur bat lehenago, Euskaltzaindiagaz alkarlanean antolatutako mintegi baten emoitzea ditugu gogoetok.

Zenbaki honetan, ondokoek parte hartu dabe: Erramun Osa, Euskaltzaindiaren idazkariordea; Lide Amilibia, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken sailburuordea; Beatriz Otero, UPV/EHUko irakaslea eta Ikuspegiko ikertzailea; Eguzki Urteaga, UPV/EHUko Soziologia saileko irakaslea; Harkaitz Zubiri, UPV/EHUkoa; Gorka Moreno, UPV/EHUko irakaslea eta Ikuspegiko zuzendaria; Biotza Piko, Gasteizko Berritzegunekoa; Francisco Luna, Ebaluazinoaren Euskal Erakundearen (ISEI-IVEI) zuzendari ohia; Julen Aranguren, Zarauzko Udaleko Immigrazino eta Kulturartekotasun teknikaria; Mario Zapata, soziologoa eta eta migrazio-gaietan aditua; Alfonso Ríos, CCOO Euskadiko euskera arduraduna; Pello Igeregi, ELA sindikatukoa; eta Amaia Aurrekoetxea-Arantza Vázquez, LAB sindikatukoak.

Xabier Aierdiri, Ikuspegi Immigrazinoaren Euskal Behatokiaren sortzaileari eta Begirune Ikerketa eta Immigrazino Laborategiaren sortzaileari egindako alkarrizketeak osotu dau zenbakia. 1980tik 2017ra bitartean, EHUko irakasle izandakoak pandemiaren balantzea egin dau eta gizarte lez, oste txarra ekarriko deuskula eta apalago jokatu beharko geunkela esan du. Bestetik, gaineratu dau klase politikoak erantzun bikaina emon deutsola Covid-19aren krisiari eta puntuazino handia emoten deutsola herritarren jarrereari.

Julian Camilo Briceño artista digitala izan da azken ale honen kolaboratzaile artistikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu