'Aramaioko Izenbakuek' taldeak irabazi dau 2020ko Arabako Bertso Kuadrillarteko finala

Bizkaie! 2020-10-13 09:50   Bertsolaritzea

2020ko Kuadrillartekoak erreleboa pasau deutso 2021eko Arabako Banakako Bertsolari Txapelketeari.

Urtarrilean hasierea emon eta martitik irailera geldialdia egin ostean, 2020ko Kuadrillartekoa heldu da helmugara. Bat bateko 12 talde eta idatzizko modalidadean 12 talde ibili dira, danetara 200 lagun baino gehiago. Hamabi saio eta 3 finalaurrekoren ostean, Murgian jokatu zan pasa dan zapatuan finala; eguerdian hasi zan bertsoen jaia XXV. Arabako Bertsolari Gaztetxuen Eskolarteko finalagaz; 16:30ean edegi zituen aretoko ateak, Lander Otaola eta Jon Zelaietaran trikiti doinuan joan ziran era mailakatuan sartzen bertsozaleak.

Txapelketan parte hartutako talde kontrarioak eta bertso lagunak, taldeen jarraitzale eta kuadrillakoak, naiz idatzizko modalidadean parte hartutako kideak batu ziran finalera sailkatutako Izenbakuek, Sumendiola bete poto eta Konde basoko iluek hiruko bertso lehia entzutera. 110 lagun kantxa eta gradan, beharreko segurtasun distantziara lekutuak.

Dana prest final handirako, bertsolariek kamiseta koloretsuak soinean eta entzuleak prestu. Hasi zan saioa, bertaratutakoen ikusmirea sortu eben taldeek kantautako agur berezi zein landuek.

Kantuan, Sumendiola bete poto taldeko Julen Martiartu, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Maddi Juaristi eta Beñat Garaio izan ziran. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi. Eta azkenik, Konde basoko iluek taldean Xabi Igoa, Paula Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi ibili ziran.

Zortziko txikian Egunean behin jolasean pika-pika egon ziran Aitor eta Julen, online salmentara pasau ala ez komeni jaken barriketan ibili ziran Andere eta Oier, bertso ale ederrak tarteko.

Publikoari barreeeragin eutsen seiko motzeko Beñat eta Xabiren ibiliek, konfinamendu garaiak batu eta normaltasun barriak urrundu zituen bizilagun biak. Jarrain, bikote bila ibili ziran Manex eta Martin alargunak.

Puntuari erantzunez jarraitu eban saio puntuagarriak. Iparragirre doinuan hozkailuan galdutako urdaizpikoaren bila ibili ziran Sumenditarrak.

Kondetarrrak, diskoteketan nahi ez zituen 40 urteko gazte-zaharren papelean jarri zituan gai-jartzaileak. Kozineru lanetan ibili ziran Izenbakuek.

Lander Otaola eta Jon Zelaieta musikariek lagunduta ibili ziran bertsolariak koplaka kartzelako ariketan, egungo gizarteari zelan aurre egingo leukioen kantauta.

Behin lan puntuagarriak amaituta, epai-mahaiko kideen erabagia egina egoan, Izenbakuek taldea zan 2020ko bertso Kuadrillartekoaren irabazle.

Aurten Arabako produktuz osotutako Kuadrillarteko zakua eroan eben taldeek sari lez, Abrako ardaoa, Arabako jatorrizko izeneko txakolina, Garlaneko babarrunak, Erroiz orio errotako "Abuelari" edizino mugatuko orioa eta Udapako Labeldun patatak. Finalera heldutako lagunek Unai Gaztelumendiren
talde karikatura ederra jaso eben eta irabazleek Arabako bertsoak bezela sustraiak errotzen joango dan Ficus landare bat.

2020ko Kuadrillartekoak erreleboa pasau deutso 2021eko Arabako banakako bertsolari Txapelketeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu