Ane Pikazaren kartelak iragarriko dau 55. Azokea

Bizkaie! 2020-10-08 13:33   Kulturea

Durangoko 55. Azokea, abenduaren 4tik 8ra izango da.

Orain arteko duda eta enparauak baztertu eta azkenean, egin egingo da TaupaDA! lemapean, Durangoko 55. Azokea, abenduaren 4tik 8ra. Barrikuntza nagusia da aurten stand edo saltzeko etxolabakoa izango dala Durangoko Azokea Landakon. Jarduera gehienak online egingo dira, produktu guztiak denda birtual batean erosi ahal izango dira. Ikuskizun eta aurkezpenak bertatik bertara eta streaming bidez jarraitzeko aukerea egongo da eta aforoa mugatzea be ez dabe baztertu.

Azokeak espazio bi izango ditu: Landako Gunea eta Plateruena eta bertan egingo dira kontzertu, barriketaldi eta bestelakoak. Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserbea egin beharko da bertatik bertara ikusteko, baina streaming bidez be jarraitu ahal izango dira guztiak.

Nerea Mujikak Plateruenean egindako prentsaurrekoan adierazo dauenez, guztiontzako segurua dan Azokea antolatzea izan da helburua, argi izan dogulako beti Azokea ezin zala bertan behera itxi; uste dogu kultureak inoiz baino gehiago behar dauela Azokea, sortzaileek behar dabela plazea, argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa eta jendeak zuzenekoak bizitea eta nobedadeez gozetea.

Durangoko Azokea berrasmetako erabagia danona izan da, Azokea osotzen daben eragile, babesle eta parte-hartzaile guztiena. Hori erakusten dau prentsaurrekoan egon dan ordezkaritza zabalak: Gerediagako presidente Nerea Mujikagaz batera, bertan egon dira Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria) eta Mikel Arregi (Nafarroako Euskarabideako zuzendari kudeatzailea).

Kontuak kontu, sormen lanak denda birtualean saldu gura dituenek gaurtik aurrera emon beharko dabe izena Azokearen webgunean. Izena emotea doban da eta Azokeak salmenten % 12 jasoko dau, kudeaketa eta logistika gastuei aurre egiteko.



55. Azokea iragarteko kartela

Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak egin dau, dotorea, koloretsua. artelana, hain zuzen be.

Ane Pikazak Lara Izagirre zornotzarraren Nora filman be kolaborau dau.

Bizkaitar aktorea da Pikaza, Bilbon jaioa eta gogoratuko dozuenez, ETB1eko Goenkale telesailean ibili zan denporaldi bitan Arrateren papela egiten. Ane Pikazak hainbat ilustrazino lan egin ditu azken urteetan: antzezlanetako kartelak (Kabia taldearen Alicia después de Alicia edo Marie de Jongh taldearen Estrella), Vetusta Morla taldearen Los ríos de Alice diskoaren azala, Zinegoak Jaialdiaren 2018 kartela eta bestelakoak. Aktore modura hainbat film eta antzezlanetan be parte hartu dau. Donostia Zinemaldian azken lana aurkeztu barri dau, eta filmaren hainbat ilustrazinoren egilea be bada.

Kontuak kontu, Pikazak adierazo dauenez, biziten gagozan egoera grisean kulturea gure bizitzea loratzen dauen taupadea izateaz gan, etenbako eregite prozesuan eta sorkuntzan dagoan bihotza garela be irudikatu gura izan dot. Eregite lan horretan danok parte hartzea ezinbestekoa da, arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Danon artean elikatzen dogu taupada amaibako hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu