'Antigone edo Ezetzaren Beharra' tragedia klasikoaren bersino garaikidea euskeraz

Bizkaie! 2020-10-08 09:16   Kulturea

Zemendiaren 5ean estreinauko da Bilboko Arriaga Antzokian.

Historian gehien taularatua izan dan klasikoa bada be, Euskal Herrian euskeraz antzoki nagusi batean taularatzen dan lehen aldia izango da. Zemendiaren 5ean estreinauko da Bilboko Arriaga Antzokian Horman Poster Kolektiboaren eskutik.

Antigone edo Ezetzaren Beharra testu originalaren interpretazino garaikidea da. Sofoklesen testu klasikoaren personaiak eta jazoera nagusiak errespetau dira trameari jagokonez, baina antzezlanera hurreratzeko egungo testuinguru eta gogoetatik abiatuz.

Igor de Quadra-ren zuzendaritzapean, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteek sormen prozesuan erronka horri erantzun deutse dramaturgia kolektiboaren ariketea egin eta Antigone berridazteko. Historian idatzitako beste bersino eta itzulpen batzuetan inspirazinoa bilatuz (J.Anouilh, B.Brecht, Maria Zambrano, Zizek, Judith Butler, Jokin Zaitegi), lan taldea mito bilakatutako kontakizunaren barreneraino sartu da boterearen inguruko egungo gatazkak eta ikuskerak aztertzeko.

Antigone lako tragedia batera forma gairaikidean hurreratzeko, beharrezkoa ikusi dau kolektiboak dilemea testuaren bidez ulertarazotea, gatazkearen tensinoa entzungarri egitea, odolaren isuria era plastikoan eskaintzea eta boterearen legeei arnasa hartzen be ez ixtea.

Hizkuntza eszeniko eta estetika ezbardinakaz eregi dau kolektiboak antzezlana: off-eko narrazinoa, arbola genealogikoa argitzen daben kartelak, gorputza eta ahotsa eraldatzen daben objektuak, mobimentu koreografiatua eta eszena koral nahiz bakarkakoak. Elementu horreek guztiek, musikea, argiak eta jantziteria zainduz horniduta, ikuslea antzezlanaren traman sartzen dabe, antxinako grezia eta gaur egungo gizartearen arteko igurtzi katartikoa eraginez.

Zergatik Antigone (eta ez Antigona) edo ezetzaren beharra? Jokin Zaitegik Sofokles-en Antigona grekotik euskerara itzuli eban 1946an, Mexikon argitaratuz, Antigone izenari eutsiz. Zaitegiren itzulpenak, nahiz eta ez eban euskal filologo garaikideen begirunea jaso, lehenengo itzulpena eta bakarra izaten jarraitzen dau. Haren idealismo eta euskal zaletasunaren omenez aukeratu dogu Antigone gure antzezlanaren titulotzat eta jarraian edo ezetzaren beharra gehituz, argi ixten jako ikusleari bersino bat dala, ez dala zertan Sofoclesen testu originala errespetau eszenaratze honetan.

Antigone. Anti: ezezkoa edo kontrakoa. Gone: Malgua, moldagarria. Antigone: Moldaezina. Kuriosoa, zeharo kuriosoa gertatzen da moldaezina izanda 2.500 urtetan garai guztietara gehien moldatu dan obrea dala jakitea. Antigone ei dogu antzerkiaren historian gehien taularatutako antzezlana, baina gure herri txiki honi eragin gitxi egin deutsola emoten dau. Ez da sekula inoiz euskaraz taularatu. Geu be moldaezinak izango ete gara?

Holako berbaurre baten bitartez, Anouilh-ek, Antigone hilten joian emakume bat bezela aurkezten eban bere bersinoan. Zambranok, ostera, profezia berbeagaz lotzen dau Antigonaren presentzia. Gaur egun Zizek-ek, hatxa zulotzen dauen bedar bakartia deitzen deutso. Brecht eta Sofoklesek, zuzenean ez dabe prologorik idazten. Guk, beste batzuen berbak batu, dana esanda dagoala onartu eta, akaso esanda eta idatzita dagozan gauzak barriro entzun behar diranaren apologia egingo dogu. Bestela, zertarako obra klasiko bat taularatu?

Tragedia grekoaren eta mitoen gaurkotzeko gaitasuna erabili dogu gizartean iraunkorrak diran etazeharkatzen gaituen gatazka etiko eta politikoetan sakontzeko. Feminismoaren eta pentsamendu desobedientearen mito politikoa berrikusi gura izan dogu, obedientzia eta desobedientziaren areko tarte
laburra eta kontraesanak eszenaratuz. Horretarako beharrezko sentiduten genduan prozesua euskeraz egitea eta honen fruitu dan Antigone edo ezetzaren beharra antzezlana historian gehien taularatutako obrearen euskerazko lehenengo bersinoa izango da.

Produkzinoa Horman Poster kolektiboarena da, Arriaga Antzokiaren laguntzarekin.

Babesa: Kulturaz Kooperatibea; Garaion Sorginguna; Eusko Jaurlaritzea; Arriaga Antzokia; eta Zornotza Aretoa.


Horman Poster

Kolektiboaren apostu artistiko-kolaboratibo barria jendartean agertzen da lehen ikuskizun honi esker. Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti Jantzertiko graduatu barriek, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak hasitako kolektiboaren 10 urteko ibilbidea erabarritzeko prozesuari ekin eutsen 2019an. Sinbiosi honek esperientzia eta freskotasuna gurutzatzen dituan kolektiboa izateko helburua dau.


Hurrengo antzezkizunak:

● 2020ko zemendiaren 13an, XXXVIII. Azpeitiko Antzerki Topaketetan.

● 2021eko zezeilaren 19an eta 20ean, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu