Guggenheim-ek Olafur Eliassonen partaidetza-proiektu barria sartu dau artistearen erakusketan

Bizkaie! 2020-10-07 08:25   Kulturea

Pandemiari buruzko gogoetak konpartidutea da asmoa.

Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketeak Guggenheim Bilbao Museoaren bigarren pisu osoa beteten dau eta urriaren 6tik aurrera, Olafur Eliassonen proiektu barri bat hartuko dau bertan: WeUsed.To. Proiektu hori artisteak berak, Berlingo Studio Olafur Eliasson estudioak eta Aarhusko Unibersidadeko (Danimarka) Interacting Minds Center erakundeak hasi eben lankidetza-ekinbide lez eta bisitariei egindako gonbidapen moduko bat da, COVID-19aren pandemiak ekarritako bizipenen inguruan egindako gogoetak konpartiduteko.

Onlineko partaidetza-esperimentu bat da WeUsed.To, mundu osoko personek ziurtasunik bako egoera  honek ohituretan eragindako aldaketei eta etorkizunari buruzko gogoetak batu eta plazaratzeko helburua dauena. Parte hartzen dabenek bialdutako testuetan pandemiaren aurretik bizitako egoerak, bizipenak eta pertzepzinoak eta egun bizi ditugunak buztartzen dira eta interneterako sarbidea dauen edozein gailu erabiliz edo weused.to webgunean konpartidu leikiez.

Proiektuak Guggenheim Bilbao Museoan be izango dau oihartzuna: pantaila batean argitaratuko dira mundu osotik etorritako ideak eta pantaila ondoko txartel batean argibideak eta QR kode bat dagoz bisitariek euren ideaak azaldu deiezan.

Hainbat herrialdetatik bialdutako adierazpenak gero eta gehiago dira eta horrek pandemiak mundu-mailan izna dauen indarra erakusten dau, izan be, birusa ez da zabaltzen dagoan gauza bakarra: emozinoak, dudak, egitateak eta esperientziak be zabaltzen dagoz makina bat norabidetan.

WeUsed.To proiektua 2020ko udabarrian sortu zan, leku asko itxialdian egozala eta martxan dan esperimentazino-ekimen handiago baten barruan dago, Experimenting, Experiencing, Reflecting (EER) dalakoaren barruan, arte eta zientzia-arloen arteko lankidetzea oinarri dauena.

Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketea Iberdrolaren babesari esker gauzatu da.


Mundu osoko erabiltzaileek weused.to webgunera bialdutako testuen artean aukeratutako adibideak:

 

I used to feel like I had no time. Now I feel like I have too much time to manage.

Denoorarik ez nebala sentiduten neban. Orain denporea sobrabete behar dodala sentiduten dot.

 

I used to take small things for granted. Now I don't.

Gauza txiki asko ziurtzat emoten nituan. Orain ez.

 

I used to be annoyed by going to class everyday. Now I worry I’ll never set foot on campus again.

Egunero klasera joan beharrak gogaitzen ninduan. Orain batek daki campusa inoiz barriro ikusiko ete dodan.

 

I used to feel uncomfortable spending time by myself. Now I feel overwhelmed and anxious being around others.

Aurretik, ez jatzan gustetan bakarrik egotea. Orain jendartean abailduta eta bildurtuta nabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu