Sohei Nishinoren 'Diorama Map' erakusketeak hilaren amaierara arte jarraituko dau Getxon
2020-10-06 10:03 KultureaJaponiarraren lanaren kalidadeari eutsiz, erakusketea urriaren 30era arte ikusi ahal izango da.
Publikoaren harrerea eta artista japoniarraren lanaren kalidadeari eutsiz, Getxophotok erakusketea urriaren 30era arte izango dau edegita jenteak bisitau deian. Jon Uriarte hondarribitarrak zuzendutako Nazinoarteko Irudi Jaialdiaren 14. edizinoan egon da ikusgai erakusketea.
Kamerea eskuan oinez dabil Sohei Nishino mundu osoko urietako kaleetan paisaje zatituak erretratetan, batzuetan ikuspuntu alturatik eta beste batzuetan, barriz, lur-arrasetik. Ondoren irudiok inprimidu eta muntau egiten ditu, banan-banan, dokumentautako lekuetatik eta bere memoriatik abiatuta mapa erraldoia osotzeko. Collage horregaz mapa batek dauen helburu deskriptiboagaz zer ikusirik ez dauenaren bila dabil egilea; urietako kaleetan aurrera eta atzera ibiltearen esperientzia eta bere kamerak atrapautakoa gogoan, uriaren irudikapen adierazgarria eskaintzea da asmoa.
Errepetizinoa eta konfrontazinoa oinarrizkoak dira Nishino-ren lanaren prozesuan. Garapen sozialak eta ekonomikoak uriak neurri barik zabaltzea eta haztea dakar eta, holan, forma eta egitura barriak sortu eta horreei erantzuten deutse egileak etenbako errepetizinoak nabarmenduz eta aldatuz. Orduantxe, muntaian, esperientziak eta memoriak irudi zatituen esangurea osotu eta bateratzen dabe elementu bakarrean, artisteak uriaz dauen ikuspegia adierazoten dauena.
Sohei Nishino
Artista japoniarra 1982an jaio zan Hyogon. Gaur egun Kanagawa eta Shizuoka (Japonia) artean bizi da. Haren lana makina bat galería eta museotan erakutsia izan da, besteak beste, SFMOMA, San Frantziskoko Arte Modernoaren Museoan edo Irlandako Argazkia Galerian. Hainbat talde zein bakarkako erakusketatan hartu izan dau parte, esaterako, Daeguko Argazki Biurtekoan (Hego Korea), Hong Kong-eko Nazinoarteko Arte Azokan eta Tokioko Museo Metropolitanoan. Sari ugari be irabazi ditu, adibidez, Young Eye of the Japan Photographers, Canon New Cosmos Photography Award, Japoniako Argazkilarien Alkarteko Newcomer’s Award, Foam Talents Call edota Sagamihara Newcomer’s Award-a.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!