Osa + Mujika konpainiaren 'Loser' lanaren estreinaldia Bilbon
2020-10-05 13:46 KultureaAurkezpena urriaren 7an izango da. Azkuna Zentroan, 20:00etan.
Azkuna Zentroko arte bizien denporaldia Osa + Mujika konpainiaren Loser lanaren estreinaldiagaz hasiko da, 2019ko Jantza Garaikideko Egonaldian sortutakoa. Azkuna Zentroan eta Dansateliers Rotterdam zentroan landutako proiektu hau, Holandako jantza garaikidea sortzeko eta erakusteko zentroagaz alkarlanean eta trukean jarduteko egindako akordioari esker sortutakoak dira.
Osa + Mujika konpainia, Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren topaketa artistikoaren ondorioz sortu da, sormenezko mundu bi batuta, jantzak eta eszenografia/jantziak. Loser hausnarketa bat da milenialen inguruan, euren hartu-emon sozialak, sareakaz daben menpekotasuna eta gizarteak hareengan dauen itxaropenen gainean: Berezia nintzala esaten eustien, behin eta barriro. Bizitzan nahi nebana lortuko nebala be esaten eustien, beste barik gura izate hutsari esker. Errealidadeak berehala esnatu ninduan; ez naz berezia eta ez dot desirautakoa lortuko nahi izateagaitik bakarrik. Bizitzea perfektua eta arazorik bakoa erakutsi beharra eta erreala ez dan mundu baten onarpen beharra, mugabakoa dan hutsunea estaltzeko bidearen bila. Hori da Millenialek sentiduten doguna; kritikatua dan generazino honek egia sakona gordeten dau: zoriontasun eza.
Hizkuntza koreografiko oso fisiko baten bidez eta gorputza abiapuntutzat hartuta beti, Osa + Mujika konpainiak eurentzat barriak diran adierazpideak arakatzen ditue, mobimentua eta koreografiaz gan, dramaturgia be arreta handiz landuz. Artisten berbetan, «pieza honen helburua, benetako millenial bat aurkeztea da, bere ezaugarri guztiekin. Honek, alde batetik, bere ames eta helburuak lortzeko gogoz egingo dau gogor baina bestetik, frustrazinoa, etsipena eta amorrua sentiduko ditu. Barruko gorabehera horreen aldaketak erraz igarriko dira piezearen eszenetan eta, esangura horretan, batzuk positibismo eta euforiaz beteta dagoz eta besteetan porrota izango da protagonista».
Osa + Mujika
Konpainia Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak osotzen dabe. Osa jantzaria eta koreografia da; Xabier Mujika, barriz, jantzitegi eta espazio eszenikoaren diseinatzailea. Bien artean, istorio bisualak kontau nahi dituan taldea eratzen dabe eta buruan dituen irudi guztiak sortu nahi ditue, forma eta esangurea emon eta gauzatu gura ditue, mobimentuaren aldetik eta ikus-entzunezkoen formatuan.
Fitxa artistikoa
- Zuzendaritzea: Osa + Mujika
- Koreografia eta interpretazinoa: Jaiotz Osa.
- Jantziak eta espazio eszenikoa: Xabier Mujika.
- Argiak: Alvaro Estrada.
- Argazkiak eta bideoa: Alvaro Sau.
- Loser abestiak: Gartxot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!