Hemen da Félix Fernández-Valdés (Bilbo, 1895-1976) enpresariaren bildumea
2020-10-05 10:07 KultureaUrriaren 7tik 2021eko zezeilaren 21era egongo da zabalik Bilboko Arte Eder Museoan.
Valdés Bildumako Maisulanak erakusketeak lehen aldiz, BBKren babesari esker, berreregiko dau Félix Fernández-Valdés (Bilbo, 1895-1976) enpresari bilbotarraren bildumea eta bertako obrarik onenak eta adierazgarrienak batuko ditu, besteak beste, El Greco, Ribera, Zurbarán, Murillo, Van Dyck, Valdés Leal, Goya, Rosales, Fortuny, Regoyos, Sorolla, Zuloaga, Romero de Torres, Vázquez Díaz edo Robert Delaunayren lanak, bilduma pribatu eta publiko garrantzitsuetatik datozenak. Era berean, sano garrantzitsua da Madrileko Prado Museoaren mailegu bikain honek: Santa Cruzeko marquesa (1805), Francisco de Goyarena.
Bildumazaletasun partikularrak oinarrizko zeregina bete dau Bilboko Arte Eder Museoaren historian eta erakusketa honetan omenaldia egingo jako jardun kultural horri eta, aldi berean, aurreko mendearen bigarren erdialdeko bilduma partikularretako bat berregingo dau: Félix Fernández-Valdés Izaguirreren (Bilbao, 1895-1976) bildumea da honako hau; laurehun lan baino gehiago batu zituen eta jaubearen heriotzearen ondoren, sakabanatu egin ziran, beste bilduma eta erakundeetako bildumak osotzeko.
Erakusketako komisarioek –María Pilar Silva Maroto, Prado Museo Nazionaleko Konserbazino burua 2017ra arte, eta Javier Novo González, Bilboko Arte Eder Museoko Konserbazino eta Ikerketako koordinatzailea– ikerketa sakona egin eta ezin hobeto erakusten da katalogoan –espainiar bildumazaletasunari buruzko ekarpen historiografikoa–. Erakusketa honetan, lehen aldiz erakutsiko dabe lanen hautaketa erakusgarria, agirian geratzen da bai multzoaren kalidadea bai bilbotar industrialariak bildumazale lez izan eban indarra.
Valdés Bildumako Maisulanak erakusketeak 79 lan batuko ditu Arte Eder Museoko BBK aretoan, kronologia zabala hartuz: Gotikotik hasi eta XX. mendera arteko lanak. Maila handiko artistak batzen dira, besteak besdte, El Greco, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Anton van Dyck, Juan de Valdés Leal, Francisco de Goya, Eduardo Rosales, Mariano Fortuny, Darío de Regoyos, Joaquín Sorolla, Ignacio Zuloaga, Julio Romero de Torres, Vázquez Díaz, Robert Delaunay eta Agustín Ibarrola. Margolanak dira gehienak, baina eskulturaren alorreko maisulanak be erakutsiko dira, besteak beste, Pedro de Menaren tailu barroko bi, orain arte galduta egozala pentsau arren.
Lan gehienak Félix Fernández-Valdésen oinordekoenak dira, baita beste bilduma pribatu batzuetakoak be –Abelló, Arango edo Botí eta bilduma publikoetakoak be, Bilboko Arte Eder Museoarenak, Asturiasko Arte Eder Museoarenak, Museo Nacional d'Art de Catalunyarenak, Valentziako Arte Eder Museoarenak edo Prado Museo Nazionalarenak.
Nabarmentzeko da Pradok Goyaren Santa Cruzeko markesa margolanaren mailegua. 2008an be erakutsi eben gure aretoetan, museoaren mendeurrena zala-eta.
Bilboko museoan, Valdésen bildumatik zuzenean etorritako hainbat lan dagoz, zehatz esateko zazpi margolan, honako honeek sinatuak: Andries Daniels eta Frans Franken Gaztea, Juan Carreño de Miranda, Anton van Dyck, Leornardo Alenza, Vicente López, José Gutiérrez Solana eta Robert Delaunay. Lan horreek danak erakusketan egongo dira.
Valdés Bildumako Maisulanak erakusketearen aurkezpenean izango dira: Gorka Martínez, BBK-ko zuzendari nagusia; Jaime Fernández-Valdés Zubiría, Félix Fernández-Valdésen bilobea; María Pilar Silva Maroto, 2017ra arte Prado Museo Nazionaleko Konserbazino eta Ikerketa Saileko burua izandakoa; Javier Novo González, Bilboko Arte Eder Museoko Konserbazino eta Ikerketa Sailaren koordinatzailea; eta Miguel Zugaza, museoaren zuzendaria.
Gondra Barandiaran-Museoa prestakuntza-programea
Guillermo Barandiaránek, Gondra Barandiarán Fundazioaren presidente eta Bilboko Arte Eder Museoko Patronatuko kideak eta Miguel Zugazak, museoaren zuzendariak, ondoetorria egin deutse erakunde biek sustatzen daben Gondra Barandiaran-Museoa prestakuntza-programa honen VII. edizinoko zazpi bekadunei.
Barandiarán Fundazinoaren babesletza-programearen barruan, aurten, bekez gan, hiru online ikastaro be egongo dira Museoaren Lagunentzat, Prado Museoaren Lagunak Fundazinoagaz alkarlanean atonduta, bai eta Sartu urtenak funtsezko kopiagintzara. Museoko kopiagintzearen bitartez pinturan sartuta ikastaroa be, Luis Candaudap pintorea gidari dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!