Bost dei-adarrak barriro entzun dira Gernikako Batzarretxean

Bizkaie! 2020-10-02 09:08   Kulturea

Bost dei-adarrak jotea gogoratzeko ekitaldi sinbolikoa egin dabe gaur, urriak 2, Gernikako Batzarretxean.

Lehenengo aldiz, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak bost dei-adarrak jotea gogora ekarriko dauen ekitaldi sinbolikoa egingo dau Gernikako Batzarretxean, dokumentauta dagonez, XIV. mendean, Bizkaiko Jaurerriko ordezkarien bilera bakotxaren aurretik, egiten zan moduan. Hitzordua: urriaren 2an, 12:00etan. Hor izango dira Javier Barrio, Enkarterriko Museoko zuzendaria eta Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo liburuaren egileetako bat eta 20 eta 70 urte arteko bost dei-adar jotzaileak.

Edozelan be, deiadar mendietara egiten dan igoereak urtebete itxaron beharko dau. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko lehendakariak Mahaiari jakinarazo deutsonez, urriaren 3an Gorbeian egin behar zan Deiadar Mendien Egunaren XVII. edizinoa 2021era atzeratuko da, koronabirusak eragindako pandemia dala eta.

Mendiko martxa klasikoaren bultzatzaileak diran Bizkaiko Batzar Nagusiek uste dabenez, pandemiak azkenengo asteetan izan dauen bilakaera negatiboa ikusita, beharrezkoa izan da urtero deiadar mendietako batean ehunka mendizale batzen dituan hitzordua bertan behera ixtea.

Erabagia, osasun erakundeakaz eta urtero Bizkaiko ohiturakaz egiten dan hitzorduaren antolakuntzan laguntzen daben mendi taldeakaz berba egin ostean hartu da. Beste edozeren ganetik, Bizkaiko Batzarrek lehentasuna emon deutse hain ekitaldi garrantzitsuan parte hartzen daben personen segurtasunari eta osasunari.

Deiadar mendien tradizinoak agintzen dauen moduan, Gorbeiak hartu behar eban igaz Ganekogortako tontorrean izandako hitzorduaren lekukoa, aurretik Sollubek, Oizek eta Kolitzak egin eben moduan. Edade guztietako mendizaleak igoten dira urtero tontor horreetako batera, adarrotsa entzuteko. Antonio de Truebak idatzitako kondairak dinoanez, XIV. eta XV. gizaldietan Gernikan egiten ziran bileretarako deia holan, adarrotsaren bitartez, egiten zan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohitureagaz jarraitu gura eben, urriaren 3an Gorbeian adarrotsa zabalduz, oraingo honetan Lemoako Ganzabal mendi taldearen laguntzeagaz. Covid-19aren eragina dala eta, Batzarrek Bizkaiko tontorrera egindako deiak urtebeteko atzerapena izango dau, 2021eko irailean edo urrian izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu