'Pozarren eta bihotzez eskertuta'
2020-10-01 08:23 KultureaBilboko Kafe Antzokia be sarituen artean dago.
Musika Bulegoa Saria irabazita pozarren dago Xabi Aburruzaga: Bost diskoaren proiektu honetan bidelagun izan zaren guztiei, sari hau zuena be bada. Zorionak beste irabazle eta parte-hartzaileei eta mila esker Musika Bulegoari eta momentu gogor honeetan kulturearen arloan lanean zabizien danoi be, gure sektorea handi egiten dozuelako. Besarkada estu bana, honetatik urtengo dogu.
Ez da lan erraza izan aurtengo epaimahaiarena, izan be, 108 proposamen aztertu behar izan ditue; horretatik guztietatik 8 aukeratu ditu zuzenean epaimahaiak.
Kafe Antzokiari emon jakon Sari Berezia eta Eresbil Musikearen Euskal Artxiboari emon jakon Ohorezko Saria, Musika Bulegoa Alkarteko Zuzendaritza Batzordeak emon ditu.
Azkenik, Etxepare Euskal Institutuagaz alkarlanean emondako saria, Niña Coyotek eta Chico Tornadok jaso dabe. Oso garrantzitsua da nabarmentzea Musika Bulegoa Sari guztiek balio bera dabela, saritutako artista eta talde guztien ekarpena euren artea ezelako bereizketarik egin barik baloretan dalako.
Aurreko edizinoan bezela, aurten be zuzeneko kontzertuaz gozetako aukera izan dau publikoak: Ilaski Serranok aurkeztutako ekitaldian, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorearen doinuak izan dira, Zukan hirukoteak egiten dauen lan ezin hobeagaz eta Duplaren pop, elektronika eta hip hop estetikea buztartzen dituan musika kontzeptualagaz gozetako aukerea izan da.
Ganerako sarituak izan dira Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta chico Tornado, Maite Larburu, Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil, Dupla eta Baloreak. Saritutako 11 proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artisteak diseinautako eskultura bat jaso ditue.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria Musika Bulegoa 2020 sariak emoteko ekitaldian izan da bart Gasteizko Jimmy Jazz Aretoan egindako ekitaldian. Bingen Zupiriak azpimarratu dauenez, ahalegina egin beharko dogu danon artean musika-jardunak baldintzarik seguruenetan gauzatzeko.Sortzaileek, musikariek, produktoreek, erakundeek alkarregaz egin beharko dogun ahalegina izango da. Eta egoera honetatik aurrera egiteko behar beharrezkoa izango da erakundeen babesa, musikearen arloko profesionalen ekimena eta herritarren konpromisoa.
Musika Bulegoa Sariak Euskal Herriko Musika Bulegoa Alkarteak sortutako proiektua da eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Gasteizko Udalaren babesa dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!