Bilbon izango dira Alicia Gimenez Barlett, Elvira Lindo eta Toti Martinez de Lezea

Bizkaie! 2020-09-30 10:55   Kulturea

Liburu Azokearen barruan dagoz ekitaldiok.

Alicia Giménez Barlettek Sin Muertos eleberria aurkeztuko dau, gaur, hilak 30; Elvira Lindo Bidebarrieta Kulturgunera helduko da A corazón abierto-lanagaz, urriaren 1ean, eguenean; eta Toti Martínez de Lezea, barriz, La Editorial eleberria ekarriko dau Bilbora, urriaren 2an.

Bilboko Liburu Azokearen barruan dagoz topaketa horreek. Testuinguru horretan emon jako Alicia Giménez Barletti Zidarrezko Lumea.

Gaurko aurkezpenean, Alicia Giménez Barlett César Cocagazn egongo da. Eguenean, Félix Linaresek lagunduko deutso Elvira Lindori eta barikuan Asier Muniategik Toti Martínez de Lezeagaz berba egingo dau.

Hitzordu horreek Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoan izango dira, 19:30ean. Sartzea doban da lekua bete arte, eta streaming bidez be ikusi ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bidez.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunea espazioan Estaduko literaturan erreferentzia diran hiru egileren azken liburuak aurkeztuko dira aste honetan. Alde batetik, Alicia Giménez Barlettek Sin muertos (Destino) eleberria aurkeztuko dau. Urriaren 1ean, Elvira Lindoren txandea izango da eta A corazón abierto (Seix Barral) eleberria aurkeztuko dau; barikuan, barriz, urriaren 2an, Toti Martínez de Lezeak gauza bera egingo dau La Editorial (Erein) eleberriagaz.

Kontuak kontu, Liburu Azokearen barruan dagoz ekitaldiok, gaurtik urriaren 11ra arte egingo da Arenalean. Aldi berean, #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren programazinoaren parte dira.


Irailaren 30ean

Bidebarrieta Kulturgunera hurreratzen danak Sin muertos eleberriaren zirrikituak ezagutuko ditu, Alicia Giménez Barletten azken liburua. Eleberriak, Petra Delicadoren kasu barria dakar. Petra Delicado polizia-inspektore gazte eta inkonformistea da eta bere egunerokotasunetik urrundu nahi dau joandako denporak gogoratzeko, orainaren agintea hartzeko. 

Alicia Giménez Barlett-ek (Almansa, 1951), besteak beste, Exit, Una habitación ajena (1997ko Femenino Singular Saria), Donde nadie te encuentre (2011ko Nadal de Novela Saria) eta Hombres desnudos (2015eko Planeta Saria) nobelak argitaratu ditu. Petra Delicado inspektorea protagonista dauen seriea munduan gehien itzuli eta irakurten dan espainiar egileetako bat da. Italiako Grinzane Cavour eta Suitzako Raymond Chandler sari ospetsuak jaso ditu.

Gaurko hitzorduan César Coca izango da, Kazetaritzako doktorea eta Informaznio Zientzietan eta Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziatua. Haren ibilbide profesional guztia El Correogaz lotuta dago eta, bertan, Ekonomia, Herria eta Gizartea eta Kultura arloetan lan egin dau. Dozena bat libururen egilea edo egilekidea da eta Miguel de Unamuno Saiakera Saria irabazi eban 2006an. Kazetaritzako irakaslea da EHUn eta El Correoko eta EHUko Kazetaritza Masterreko zuzendaria.


Urriaren 1ean

Elvira Lindo eta A corazón abierto eleberriaren txandea izango da. Eleberri honetan, Elvira Lindok bere gurasoak literaturako personaia bihurtzen ditu, eurengana askatasunez, buru-argiz eta jakinduriaz hurreratzeko. 

Elvira Lindo Cadizen jaio eta kazetaritza ikasi eban Madrilgo Unibersidade Konplutentsean. Lehen pausu profesionalak egin zituan Radio Nacional de España, Cadena SER irratian eta telebistan, gidoilari, esatari, iruzkingile eta aurkezle lanetan. Irrati-gidoietan sortu zan Manolito Gafotas pertonaia. 1994an argitaratu zan serieko lehen liburua eta sekulako erantzuna izan eban. Haren bibliografiak honako izenburuak ditu: Lo que me queda por vivir, Lugares que no quiero compartir con nadie,  Noches sin dormir eta El País egunkariaren kronikak, Tinto de verano. Irabazi dituan sarien artean, ondokoak nabarmentzen dira, besteak beste: Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala (1998), 2005ean Liburutegi Laburraren Saria Una palabra tuya eleberriagaitik, Nazinoarteko Kazetaritza Saria (2015) edo Kataluniako Editoreen Gremioaren Atlantida Saria (2009). 

Félix Linares egilareakin egongo da. Linares irratiaren, zinemearen eta kulturearen ahots bihurtu da Bilbon. Bere gaztaroaren garaian Bilbo inguruko zinematan ondu zan Linares eta 19 urte zituala ekin eutson ibilbide profesionalari irratian, Bilboko Radio Popular irratian. Egin eta El Correo egunkarietan lan egin dau, baita TVEn be. Etxe euskaldun guztietan sartzen da ETB2n 25 urte daroazan La noche de… programearen bidez. Kike Martinegaz batera, Radio Euskadiko Iflandia programea aurkezten dau.


Urriaren 2an

Toti Martínez de Lezeak La Editorial aurkeztuko dau, bere azken lana. Lan hori erronkea da autoreak karaktereak sortzeko, irakurleei ardurabakokeriak ixten ez deutseen edozein generotako istorioak kontetako eta, era berean, pasinoa suspertzen deutson mundu baten alderdi batzuk, liburuena, agirian ixteko dauen gaitasuna erakusten dauena. Liburu honetan, autoreak kontetan dau mende erdiko ahaleginaren ondoren, bere garaian biltegi txiki bat zana, punta-puntako argitaletxe bihurtu dan, aitzindari, nahiz eta horretarako liburuekaz zerikusi gitxi daben negozioetan sartu behar izan. Hainbat arrazoigaitik, mendekutik ardurabakokerira, familia-enpresea eskuratzeko burrukan dabiz, Lola Gervasioren alargun eta klaneko matriarkearen begiradapean.

Toti Martínez de Lezea Espainiako narratiba barrian eleberri historikoaren idazle ezagunenetako bat bihurtu da eta azken urteotako genero horretako autorerik irakurrienetako bat da. Idazketan buru-belarri ibili aurretik, itzulpengintzan ibili zan. 1983tik 1992ra bitartean, antzerki-talde bi sortu eta ikus-entzunezko produkzinoan ibili zan: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailerako programak idatzi, zuzendu eta egin zituan, eta ETBk umer eta gazteentzat emondako 1.000 programa baino gehiago sortu eta zuzendu zituan. 1998an, lehen eleberria argitaratu eban: La calle de la Judería.

Totigaz izango da Asier Muniategi, Informazino Zientzietako lizentziaduna eta Euskadiko Liburu Azoketako koordinatzailea azken 31 urteotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu