Abian da Atalak Sarearen 2020ko produkzino egonaldiaren ikerketa fasea

Bizkaie! 2020-09-30 10:24   Kulturea

10 jantzarik Carmen Larraz koreografo nafarragaz kolaborauko dabe.

Gorputz Magnetikoak proposamenaren bitartez, mobimentuari unibersoko indar elektromagnetikoen edertasuna zelan txertatu zehaztuko dabe: Artearen bidez zientziaren kontzeptuak zelan aditzera emon ikertu nahi dot, edertasun handiko kotzeptuak eta, aldi berean, gure bizitzearen ikuspegia aberasgarriago egiten dabenak, azaldu dau Larrazek: Alde batetik, konpainiaren lengoai koreografikoa hartuko da abiapuntu eta, bestalde, mobimentuaren jarraibide zehatzak, jantzarien ekarpen personalagoa jorratzeko aukerea eskainita. Gorputz Magnetikoak piezeak erakarten diren gorputzez gozetea eragin nahi dau, erakarri, aldaratu, ordenau eta desordenau egiten diran gorputzak; ezagutzen dogun munduko kaos organizatuan topetan diran partikulak, gehitu dau koreografo nafarrak.

Atalak Sarearen produkzino egonaldiak proiektuagaz aurrez kontaktua izan daben koreografoei eskaintzen deutse aukerea, talde sorkuntzan interesa daben eta areto ertainetarako koreografiaren bat sortu daben koreografoei. Atalak produkzinoek be zuzeneko jarraipena izango dabe Idoia Zabaleta,
analisi eta hausnarketan aditua dan esperientzia handiko artistearena. Atalakeko bitartekaritza eta dokumentazino programetan aztertuko dira etorkizunean produkzino egonaldiak.


Carmen Larraz

PARTS-en jaso eban prestakuntzea, Xgroup-en. Ondoren, hainbat konpainiatan egin dau jantzan: Frey Faust, Deja Done, Rital Brocante, EN-Knap Iztok Kovac, Salva Sanchis. Era berean, David Zambranorentzat be jantzan egin dau The Rabbit Proyect-en, Bertha Bermudezentzat Belleza Robada-n eta Marta Coronadorentzat El Silencio de las Flores-en. 2013an, Dinamo Jantza konpainia sortu eban Iruñean. Konpainia horregaz hainbat ikuskizun estreinau eta nazinoarteko hainbat bira egin zituan.

2016an, bigarren saria irabazi eban Solo Dance Contest Gdansk-en, Dynamo bakarlari lanari esker. Madrilgo koreografia sarietan haren Luces y Sombras bikoteak saritua izan zan. 2017an, Iruñeako Udalaren sorkuntza saria jaso eban, Transoceánica lanagaitik eta 2019an, Elektrical Body lanagaitik. Atari zabaleko jantzako Danzad, Danzad, Malditos jaialdian arte sortzailea eta zuzendaria da. Jaialdia 2016tik egiten da Iruñeako Antxinako harresian.

2019an, La Faktoria Nazinoarteko Koreografia Zentroa sortu eban Noainen (Nafarroa) eta Marta Coronadogaz eta Laida Aldazegaz batera zuzentzen dau. Oro har, jantza garaikidea eta inprobisazinoa erakusten ditu eta burruka arteak ikasten jarraitzen dau. 2018an, Larrazek Atalak sorkuntza laborategietan parte hartu eban bere sorkuntza proiektu barriaren gaia bertan landuz.


Denis Santacana DNA Jaialdia

Urriaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Museoan, DNA Nafarroako Jantza Garaikidearen Jaialdiaren barruan, Denis Santacana esperimentazino laborategiaren erakustaldiaren testigu izango da: bideojantza bidezko sorkuntza prozesua.

Egonaldia itxialdi betean hasi zan eta formatu digitala landu eben, Jantzazeko eta Jantzertiko, Euskadiko Arte Dramatiko eta jantza Goi Mailako Eskolako, jantzari eta ikasleakaz alkarlanean.

Zinemearen inguruko masterclass-ak egin ziran eta emoitzea bideo jantzea sorkuntza izan zan.


Atalak Euroeskualdeko sorkuntza koreografikorako sustapena

Jantzaz buru dauen mugaz haragoko proiektuaren bazkide nagusiak CCN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte Fundazinoa, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea eta Vitoria-Gasteizko Antzerki sarea dira.

Urtez urte kolaboratzaile sare handiagoa ehuntzen doa: Jantzerti-Euskadiko Goi Mailako Konserbatorioa, Maurice Ravel Baiona-Biarritzeko Konserbatorioa, Jose Uruñuela Vitoria-Gasteizko Konserbatorioa, SGAE Fundazinoa, La Fundición eta Azala. Mugetatik harago proiektua hazten doa urtez urte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu