Senez aldizkariaren 51. zenbakia argitaratu dau EIZIEk

Bizkaie! 2020-09-29 12:49   Kulturea

Juan Azpeitiaren irudiz apaindua dator aldizkaria, dotore eta ikusgarri.

Dotore jantzita etorri jaku itzulpengintzeagaz lotutako Senez aldizkaria, literatura-itzulpena, ikus-entzunezkoena, teknologia barriak, zuzenketea, itzulpenen azterketak, jostunen artean be, ibilbide luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean dabizenak zein mundu akademikoan dabizanak batu ditue aldizkarira.

Senez aldizkariko zuzendari Karlos del Olmok editorialean dinoanez, Kultura orok dau bere hizkuntzea, hizkuntza orok bidaide daroa kulturea eta, kultureak eta hizkuntzeak alkarrenak izango badira, gizakiak bermatutako itzulpengintzearen beharra izango dabe, makinen euren artean eta eurentzat komuniketea (eta itzultzea) erabagiten ez badabe. Tokian tokiko hizkuntzan be berba egin behar dau globalizazinoak, izurriak izurri, eta gure lanbideak ez dau berbagaia galdu behar. Hona hemen Senez, lanbidearen etorkizuna sena lagun bideratzeko plazea.

Poema itzuliak izaten ditu aldizkariak hasierako orrietan eta, aurten, Sharon Olds poetearenak ekarri ditue Jon Kortazarrek eta Juan Kruz Igerabidek. Gogoan izan ditugu, hurrena, euskerazko liturgiaren itzulpenean lan eskerga egindako itzultzaile bi: Basilio Sarobe eta Piarres Andiazabal. Jarraian, itzulpengintza modernoaren ordezkari emakume itzultzaile baten ibilbidea ezagutarazo gura izan dogu, Maite Imaz itzultzaile eta terminologoari eginiko alkarrizketearen bidez.

Literatura-itzulpenaren esparruan, azterketa ugari dakargu, ikuspegi askotatik itzultzaileek eurek eginak, nork bere ikuspegitik: Louis Aragonen poesia multzoa aztertu dau Joannes Jauregik; Ingeborg Bachmannen Aldibereko liburuaren itzulpenaz jardun dau Idoia Santamariak; Mikel Babianok, barriz, M. Enderen
uniberso literarioaz eta Momo liburuaz hausnartu dau.

Horreez gan, emakume itzultzaileen gaia jorratu dau Isabel Etxeberriak (zergatik dira direnak?);  baztertutako zenbait subjekturen (emakume, Mendebaldeaz besteko) presentzia handitu beharra eta literatura greko-latinoaren berreskuratzea lako gaiak jorratu ditu Joannes Jauregik, eta, azkenik, 2008-2018 urteen artean euskerara ekarritako literatur lanen azterketa kuantitatiboa aurkeztu deusku Iñigo Satrustegik.

Ekonomia eta enpresaren arloan egindako itzulpenen inbentarioa ezagutarazotea eta gure bizitzako jakintza-esparru garrantzitsu honetan euskeraz dogun uzta urria adierazotea izan dau helburu Oskar Arantzabalek bere artikuluan. Ikus-entzunezkoen itzulpena be izan dogu berbagai, gorrentzako euskerazko azpitituluez berba egin deusku Maider Lizoainek.

EUVOS ikerketa proiektuaren barri emon deusku Beatriz Zabalondok (hizkuntza hegemonikoetako zinematografien jatorrizko bersinoek euskeraz, galegoz eta katalanez azpidatzita zelako isla daben erakusten da) eta, azkenik, bikoizketarako itzulpenaren industrien bilakaeraz jardun dau Manuel Arcak, telebista kate horreetan bikoizketea zein egoeratan dagoan azalduz.

Teknologia barriek be badabe lekua aldizkarian eta artikulu bi ekarri ditugu: fraseologia konputazionalaren inguruan bueltaka ibili zanekoa kontau deusku Uxoa Iñurrietak eta Aditu berbeta-ezagutzailea aurkeztu deusku Elhuyarrek.

Aldizkariaren amaieran, itzulpengintzako liburu-aldizkarien barri jaso dabe, pare bat iruzkinen bitartez.

Ez dugu aitatu barik itxi gura Juan Azpeitiaren irudiz apaindua datorrela aldizkaria, dotore eta ikusgarri.

Sarean be irakurgai dira artikulu guztiak.


Ale honetako kolaboratzaileak: Edurne Alegria, Oskar Arantzabal, Manuel Arca Castro, Patxi Azpillaga, Josu Aztiria Urtaran, Mikel Babiano López de Sabando, Karlos del Olmo, Marijo Deogracias, Isabel Etxeberria Ramírez, Eustasio Etxezarreta, Juan Kruz Igerabide, Uxoa Iñurrieta, Joannes Jauregi, Saroi Jauregi Aiestaran, Jon Kortazar, Igor Leturia Azkarate, Maider Lizoain Cotanda, Idoia Santamaría Urkaregi, Iñigo Satrustegi eta Beatriz Zabalondo.

Itzultzaileak: Kristin Addis, Joana Pochelu eta Bego Montorio.

Zuzentzaileak: Amaia Apalauza eta Bego Montorio.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu