Urriaren 2an bueltauko dira Bardoak plazara

Bizkaie! 2020-09-29 08:10   Bertsolaritzea

Finalaurreko bi eta finala jokatzeko egozala eten eben txapelketea.

Sei hilebete luze pasau dira Bardoak 2020, Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketea, eten behar izan ebenetik, Covid19aren pandemiaren eraginez. Finalaurreko bi eta finala jokatu barik geratu ziran; ordurako, Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratua eban finalean parte hartzeko txartela, baina beste finalista biak zehaztu barik egozan: Bata, Goizuetako finalaurrekoan zehaztekoa zan, Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeen artean jokatzekoa zan saioan (joaneko saioan, Anizen, Bertsonautak taldekoek eskuratua eben lehen puntua). Bestea, Jaunsaratseko finalaurrekoan zan argitzekoa. Han batu behar ziran Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeak, txartela nork eskuratu (Tafallan zan jokatua aurretik joaneko saioa eta beratarrek irabazi eben puntua). Bertan behera geratu ziran saio biak, baita martiaren 28rako aurreikusitako finala be.

Orain, ia zazpi hilebeteko etenaren ostean, plazara bueltauko dira Bardoak, egitasmoa amaitzeko falta zana jokatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Alkarteak, tokiko antolatzaileakaz batera, konpromisoa hartu dau pandemia egoereak eskatzen dituan segurtasun eta prebentzino neurri guztiak beteteko. Gauzak holan dirala, aforoak mugatu egingo dira, segurtasun tarteei eutsiko jakez, aretoetan sartzeko eskuak garbitu beharko dira eta maskarea ezinbestekoa izango da. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira egingo.

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak kantura, egun horretan egingo diralako finalaurrekoak Goizuetan eta Jaunsaratsen. Lehen kasuan, aurrez erosi behar dira sarrerak, Goizuetako estankoan. Basaburuako saioan, ostera, egunean bertan izango dira sarrerak salgai, aretoan bertan eta kasu bietan, 3 euroan.

Finala, barriz, urriaren 17an izango da, Lizarrako Ikastolan. Finalerako sarrerak aurrez salduko dira, irailaren 28tik aurrera, Ikastolan bertan, baita www.bertsosarrerak.eus atarian be. Saldu barik geratzen badira, finalaren egunean bertan be jarriko litzatekez salgai, 15:30etatik aurrera, leihatilan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu