'Cruyff Court Aritz Aduriz Bilbao' izeneko zelaia Bilbon
2020-09-25 13:40 KirolaBilboko Udalak eta Johan Cruyff Fundazinoak futbol zelai bat eregiko dabe Otxarkoagan.
Juan Mari Aburto alkateak eta Pati Roura Johan Cruyff Fundazinoko zuzendariak sinatu dabe hitzarmena gaur goizean, Arabiar Aretoan. Johan Cruyff Fundazioak 270 futbol zelai baino gehiago eregi ditu munduan bakotxari, gainera, jokalari baten izena emonez, eregiko dan lekuagaz zerikusia dauen jokalari batena, hain zuzen. Bilboren kasuan, Udalak eta Fundazinoak autortzea egin deutse Aritz Aduriz Bilboko Athletic Club taldeko jokalari oraintsu erretirautakoari.
Juan Mari Aburtok era bateko eta besteko erakundeen arteko alkarlanaren garrantzia nabarmendu nahi izan dau, horri esker egin daitekezalako kirola ez eze gazteen garapenerako oinarrizkoa diran beste balio batzuk be: auzoko futbol-zelaiek antxina eben eginkizuna berreskuratu nahi dogu, baita auzoetako antxinako futbol zelaietako espiritua be: neska-mutikoak batzeko eta euren bizikidetzarako lekuak izaten ziran-eta. Horrezaz gan, eskerrak emon deutsoz Johan Cruyff Fundazinoari, Bilboren aldera erakutsi dauen interesagaitik.
Alkateak futbol zelai barria egiteko hautatutako lekua nabarmendu nahi izan dau: Bilboko Otxarkoaga auzoa, hain zuzen be. Alde horretatik, Aburtok gogorarazo gura izan dau proiektu barri hau gehitu behar jakela Imajinatu Otxarkoaga eta Ni Otxarren alde lako programetako lanari, lagundu egin dabelako Otxarkoaga auzo hobea izan daiten eta orain be laguntzen dabizelako auzoan gizarte kohesinoa indartzeko, sortzeko eta eragiteko.
Aritz Aduriz izena aukeratu izanaz instalazinoentzat, Aburtok adierazo dau ez dala halabeharrez; futbolari bati omenaldia egitearren izan da, kirol horri emondako bizitza osoagaitik, baina, batez be, haren nortasunagaitik, futbol-zelaiaren barruan nahiz kanpoan balio batzuk erakutsi ditualako, eta kirolari moduan nahiz persona moduan izan dauen balioaren erakusgarri izan diralako.
Beste alde batetik, Johan Cruyff Fundazioko zuzendari Pati Rourak adierazo dauenez, oso pozik gagoze “Cruyff Court Aritz Aduriz Bilbao” proiektua badatorrelako eta oso laster Bilboko ume guztien esku izango dalako. Aritz Adurizek Johan Cruyffen balioak ditu eta ziur nago gaur Johan oso harro egongo litzatekeela.
Azkenik, Aritz Adurizek eskerrak agertu deutsee Udalari eta Johan Cruyff Fundazinoari, kirola baino harago heltzen dan proiektu bat ordezkatzeko hautatu dabelako, futbola eta balioak gazteakaz batzen dituan proiektu bat eta adierazo dau oso harro dagoala Johan Cruyffen ekimenagaitik, Bilbogaitik, Athletic-engaitik eta Juan Mari Aburto alkatearengaitik.
Futbol zelai barriak 30x19 metro izango ditu, eta Otxarkoaga auzoko Lozoño kalean egongo da, hain zuzen be, inguru haretako frontoiaren estalki bako zatian. Aire zabaleko futbol zelai hau eregita, auzoaren eskaera bati emoten jako erantzuna, holako zelai bat eskatzen ebelako auzorako.
Futbol zelaia eregiteko lanak datorren astean hasiko dira eta 4 eta 5 aste inguru iraungo dabe; ezustekorik ezean, zelaia prest egongo da zemendirako.
Johan Cruyff Fundazinoak izango dau futbol zelaia eregiteko eta urigintza lizentziak ordaintzeko ardurea: 140.000 eurokoa da aurrekontua. Bestalde, Bilboko Udalak hartuko dau futbol zelaiaren mantentze-lanen ardurea eta kirol instalazino barrian jarduerak dinamizetakoa.
Cruyff Court Aritz Aduriz Bilbao futbol zelaian gazteentzako kirol jarduerak izango dira, gorputz ariketak eragitearren eta gazteek auzoko jardueretan parte hartu deien, talde-lana, integrazinoa eta bizikidetzea lako balioak sustatzearren.
Era horretan, ekimena, Bilbao Balioen Uria proiektuaren barruan kokatzen da. Kirol instalazino barri honen helburuek lotura zuzena dabe Bilbao Balioen Uria Agiriagaz.
Johan Cruyff Fundazinoa
Helburua da kirolaren praktikea eta gorputz jarduerea sustatzea umeen eta gazteen artean. Egun, Johan Cruyff Fundazinoak 300.000 ume baino gehiagoren bizi kalidadea hobetzen laguntzen dau mundu osoan zehar, hiru proiekturen bidez: 14 olgeta-lekuak, Cruyff Courts diralakoak eta ezintasunen bat dabenentzako proiektuak. Kirolaren eta olgetearen bidez, umeek eta gazteek hatu-emonetan jarten ikasten dabe, ekinagoak izaten dira bizitza osoan zehar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!