Barritasun ugari Hemengo Shopping ibilbide gidatuetan

Bizkaie! 2020-09-24 11:52   Pil-pilean

Hilaren 24an, Athletic Club taldeari eskainitako ibilbidea izango da protagonista.

Eusko Jaurlaritzearen babesa dauen BilbaoDendak alkartearen ekimena orain urte bi hasi zan Bilboko denda enblematikoak barrutik ezagutzeko aukerea eskainiz, bertako sekretuak ezagutzeko edota tailerretan parte hartzeko.

Ibilbide gidatuek urte amaierara arte izango daben barritasunetako bat da hau, eguenero, arratsaldeko 18:00etan, hainbat jarduera antolatzen ditue Bilboko merkataritzearen historia eta produktuak ezagutu eta ikasteko. Urritik abendura, parte-hartzaileek ibilbide asko egin ahal izango ditue: ehungintzea edo bitxigintzea; euskerea, Euskaraldiaren lankidetzeari esker; osasuna edota Gabonak.

Horrezaz gan, Aingeru Etxebarriaren Sukaldaritza Eskolan probetako saioak antolatuko dira La Manducateca eta Black Label-eko produktuakaz eta Basquery-n artisau-garagardaoena; lurrin-tailerrak LeBigott-en eta edade guztietarako olgeten tailerra Koloreak dendan; hori bai, merkatarien esperientzia eta nobedadeak kontauko dituen mikrozuzenak ahaztu barik.


Ibilbide zurigorria

Hilaren 24an, 18:00etan, Athletic izango da protagonista: Ibilbide bi egingo dira: batetik, taldeari eta Indautxuko eta Zabalguneko establezimendu komertzialei lotutako lekuetatik ibiliko dana eta bestetik, Alde Zaharrean, uriari lotutako klub baten historia gainbegituta. Taldeko entrenatzaile ezagunenetako batzuk jantzi diran moda-dendak, 80. hamarkadan jokalariak saritzeko erlojuen armarria grabau eben bitxi-dendak edo peñak sortu dituen jatetxeak.

Athleticeko denda ofizialak be ibilbideon parte izango dira: Bilbo erdialdetik ibiliko danak Guggenheim aurreko dendan geralekuetako bat izango dau. Han bertan, nesken taldeak 2018ko Teresa Herrera txapelketan irabazitako Herkulesen Torrea ikusteko aukerea izango dabe. Dendatik Ibaiganera joango dira eta jauregiko lorategietan Andoni Goikoetxeak jasoko ditu, klubaren historiako handienetako batek; liga bi, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituan zentralak Athletic Club Fundazinoaren enbaxadoreetako bat da gaur egun.

Bestalde, Alde Zaharretik pasetan dana San Mameseko dendan amaituko da. Establezimenduan Tomas Ondarra ilustratzaile eta idazleak hartuko ditu. Zuzendaritza Batzordeko kidea da eta Athletic taldeari buruzko hainbat libururen egilea, baita museo zurigorrian ikusi daitekezan irudiena be. Aurretik, Klubarentzat enblematikoak diran hainbat leku bisitauko dira, besteak beste, Pichichiren jaioterria Santa Maria kalean edo Ingelesen Landa, taldearen historiaren hasierea.

Ibilbideetan parte hartzea doban da -eguenero, abendura arte, 18:00etan-. Halan da be, segurtasun-neurriak dirala eta, leku kopurua mugatua da, beraz, aldez aurretik izena emotea ezinbestekoa da posta elektronikoz (rutas@hemengoshopping.com) edo telefonoz (649 84 52 40). Eskaerak heldu ahala esleituko dira plazak.

Osasun-krisiak lehentasuna izan dau tokiko merkataritzatik ibilbide gidatuen denporaldi hau diseinaukeran; beraz, leku-kopurua mugatzeaz gan, horreetako bakotxean erabili eta botateko kartoizko maskara ekologikoa emongo jake parte-hartzaileei. Bilboko hurreko merkataritzearen izakera barritzailea, osasunagaz eta ingurumenagaz konprometiduta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu