Bilboko XXI. Jantzaldia, irailaren 24tik abenduaren 18ra
2020-09-24 08:59 KultureaArteen sektoreari lagundu nahi deutso Jantzaldiak.
Pandemiak eragindako testuinguruari alkartasuna adierazoteaz gan, arteen sektoreari lagundu nahi deutso Jantzaldiak osasun-protokoloek eskainitako arnas-guneak aprobetxau eta euren lanari ikusgarritasuna emoteko. Bide batez, jarduera artistikoak sormenezko bideetatik eta egoerearen aurrean arduratsu jokatuz. Honako hau muturreko egoeretan izaten dan sormen artistikoaren arloko erresilientzia dogu.
Irailaren 24an, eguenean, Jantzaldiaren inaugurazinoa izango da La Fundición-en Iratxe Ansak sortutako lanari esker. Hemen eta munduan ibilbide luzeko gipuzkoar jantzari honek konpainia handi batzuetan jardun dau Igor Bacovich bere lankideak bezela eta bien artean sortu dabe Metamorphosis Dance konpainia.
Metamorphosis Dance bikotearen Entangled Echoes lanean, lengoaia koreografiko fisikoa da nagusi eta horrek teknika baten erabilereak eskaintzen dituan aukera artistikoetan sakontzea dakar; teknika horrek, akademikotasunetik abiatuta, fisikotasun klasikoa deseregiten dau, gaurko elementu garaikideak gehituta. Obrearen egitura globala engranaje handi baten modura planteetan da. Makineria horren barruan esangurea hartzen dau dinamika bakotxak, jantzariek eszenan eragiten daben akzino eta erreakzino olgeteari erantzunez; holan, mobimentu bakotxa estu lotuta dago ekintza espazial-denporazkoari.
Programazinoagaz jarraituz, irailaren 26 eta 27an La Fundición-en agertuko da Dinis Machado portugaldarra queer dalakotik harago doan performance bategaz eta nortasun sexualetako zein generoko iruditeriagaz olgauko dau: Consubstantiation.
BBK aretoak urriaren 18an hartuko gaitu, izan be, han ikusiko dogu Leonor Leal-en Nocturno. Musikari bik eta bailaora batek fantasiazko ibilbide bat ehunduko dabe insomnioan, memorian eta gurarietan. Epaimahairen Aipamen Berezia jaso eban 2019an Espainiako Hegoaldeko Antzerki Ferian eta Eszenatokietan izandako Jantza Ikuskizunik Onena izan zan Sevilla 19an.
Zemendiaren 21ean, Guggenheim Museoan, Ana Morales bailaora eta koreografoak Suite – Sin permiso eskainiko deusku. Ibilbide luzekoa da Morales eta jantzearen arloan Giraldillo 19 saria jasoteaz gan, Lorca 19 saria be irabazi eban, koreografia, emakumezko interprete eta flamenko ikuskizun alorretan Sin permiso piezeagaitik.
Abenduaren 3an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan Toni Jodar-en Jantza Berbaldiak I eta II izango ditugu BDdansa-ri esker: jantzearen historiaren birpasaketa bizi-bizi eta oso eszeniko horreetan aukerea dago jokera batzuen eta euren protagonisten ganeko gure ezagupenak eguneratzeko.
Abenduaren 10ean, Azkuna Zentroak jaialdiari emongo deutso aterpe Compagnie Wang-Ramírez-en lanaz gozetako, mundu osoko publikoek ikusi daben eta ikusle guztientzat dan W.A.M. – We are monchichi lanagaz.
La Fundición-era bueltauko gara abenduaren 12an eta 13an, Elena Córdoba-gaz barriro batzeko; jantzaria parte izan zan kolektiboaren eraginez leku bat edegi jakon jantza garaikideari 90eko hamarkadako Madrilen eta segurutik horregaitik deitzen da bere lana El nacimiento de la bailarina vieja, hau da, jantzari zaharraren jaiotzea.
Eta abenduaren 18an, Ensanche Eraikinera joango gara, intensidade handiko jantza-dosi txikiakaz gozetako: Lau pieza labur ikusiko ditugu eta honako honeek dira sortzaileak: Colectivo Glovo, Lasala, Zum Zum Teatre eta Julia & Alexa.
Zinemea be izango da Jantzaldian UPV – EHUren eta Arkitektoen Alkargoaren kolaborazinoari esker, izan be, urriaren 28an, Zinema (eta jantza) uriak zikloa eskainiko deuskue. Aresti Landa Jantza Eskolan izango diran Master-Class-ek eta leku bakotxean sortzaileakaz izango diran Topaketek zarratuko dabe jardueren zikloa.
XXI. Jantzaldiaren informazino gehiago eta programazinoa begitu hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!