Jon Arretxe eta Unai Elorriaga aurrez aurre Bilbon
2020-09-22 08:05 KultureaIrailaren 22an, Lutxo Egiak gidatuko dau Euskal Literaturaren Mugak izeneko topaketea.
Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegian izango da, 19:00etan. Sartzea doban da, leku-kopurua bete arte. Parte hartzeko, bilbaokultura.eus-en dagozan gonbidapenetako bat eskuratu behar da.
Streaming bidez be jarraitu ahal izango da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bidez.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean XXI. mendeko literaturea ardatz hartuta egingo dabe berba Jon Arretxek eta Unai Elorriagak.
Topaketea Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian izango da, 19:00etan, edukierea osotu arte. Egungo egoerearen ondoriozko segurtasun neurriak dirala eta, ekitaldi aretoko ateak 18:15ean edegiko ditue, antolatzaileek aurrez esleitutako besaulkietan parte-hartzaileak egokitu ahal izateko.
Jon Arretxe (Basauri, 1963)
Euskal Filologian doktorea da, Gorputz Hezkuntzan lizentziatua eta Bilboko eta Gasteizko konserbatorioetan pianoa eta kantua ikasi dau. Autore polifazetiko eta arrakastatsu honek literatura-sorkuntzea dau ogibide baina haren liburu edo bidaiei buruzko berbaldiak be eskaintzen ditu eta, ganera, operea kantetan dau, Bilboko eta Iruñako opera-koruetako kide da eta. Arretxek bere ibilbide gehiena euskeraz egin dau eta normalean gaztelaniaz itzultzen dira. 90eko hamarkadearen hasieran ekin eutson ibilbide literarioari eta nobela baltzak idatzi ditu; genero horretan, Sueños de Tanger eleberria nabarmentzen da.
Unai Elorriaga (Algorta, 1973)
Prestakuntzako filologoa eta ofiziozko itzultzailea da. Getxotarraren lehen eleberriak, Un tranvía en SP, 2002ko Narratiba Sari Nazionala jaso eban eta Aitzol Aramaio zuzendariak eroan eban zinemara Un poco de chocolate izenburupean. Beste lan batzuk argitaratu ditu, besteak beste, Van't Hoffen ilea eta Vredaman, 2010ean, AEBetako Gobernuak emondako NEA International Literary Award saria irabazitakoa. Bera da lanak gaztelaniaz itzultzen dituana eta lanok beste hainbat hizkuntzatan be topau daitekez egun: italieraz, ingelesez, galizieraz, alemanieraz, katalanez, serbieraz, errusieraz edo estonioeraz. Prentsa idatzian kolaborau dau (El País, Deia, Euskaldunon Egunkaria, Berria) eta irakasle eta hizlari izan da mundu osoko unibersidadeetan: Oxford, Georgetown, EHU, Dublingo Unibersidadea, Aberdeeneko Unibersidadea edo École Normale Supérieure de Lyon-en.
Lutxo Egia (Santander, 1969)
Santanderren jaio zan baina umetan Bilbora etorri eta gazte zala euskaldundu zan. Batez be eleberriak, narrazino laburrak eta olerkiak idazten ditu. Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Deustuko Unibersidadean. Deia, Euskaldunon Egunkaria eta Berria lako hedabideetan parte hartu dau eta Nontzeberri webgunea sortu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!