'Lee Krasner: Kolore bizia' aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Museoak

Bizkaie! 2020-09-17 13:04   Kulturea

Espresionismo abstraktuaren aitzindari izandako artista newyorktarrari buruzkoa da.

Guggenheim Bilbao Museoak Lee Krasner. Kolore bizia atzera begirako erakusketea dakar (Irailaren 18tik 2021eko urtarrilaren 10era), espresionismo abstraktuaren aitzindari izandako artista newyorktarrari buruzkoa. Pieza ugari batzen ditu, batzuk aurretik Europan inoiz erakutsi bakoak.

Seguros Bilbaok babestutako erakusketan berehala jaubetuko dira ikusleak etenbako barrikuntzea eta esplorazinoa dituela bereizgarri Lee Krasnerren (1908–1984) lanek berrogeita hamar urteko ibilbidean: autorretratu goiztiarrak eta aurrez aurreko marrazkiak, 1940ko hamarkadearen amaierako “Irudi txikiak”, 1950eko hamarkadako collage urratzaileak, 1960ko hamarkadaren hasierako lan jori eta monumentalak...

Prentsaurrekoan izan dira Lucía Agirre, komisarioa; José Manuel Ereño Álvarez, Seguros Bilbaoren Zuzendariorde Nagusia; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.


Lee Krasner (1908–1984)

Lena Krassner eban jatorrizko izena, Brooklynen jaio eta errusiar judu ortodoxo emigranteen familia batean hazi zan. 14 urte zituala, artean jardutea erabagi eban eta New Yorkeko lehen sortzaileetako bat izan zan planteamendu erabat abstraktua hartzen, espresionismo abstraktuaren aitzindari bihurtuz. 1942an bere lanak French and American Painting izenburuko talde-erakusketan sartu zituen eta erakusketa haretan parte hartu eben artistetatik bakarra baitzan ezagutzen ez ebana —Jackson Pollock—, Krasnerrek haren estudioa bisitetan joatea erabagi eban; holan hasi zan bien arteko hartu-emonak; 1945ean ezkondu eta Springsera joan ziran biziten, Long Islandera.

Haren garaikide askok ez bezela, Krasnerrek uko egin eutson izenpe bereizgarri bat sortzeari, zurruna eta bape bizia ez zan gauzea begitantzen jakon-eta. Obra-zikloak landuz, eten barik bilatu zituan benetako adierazpena lortzeko bitarteko barriak, baita garairik nahasienetan be —Pollocken ezegonkortasun emozionalaren eta haren bat-bateko heriotzearen ondoriozkoetan, 1956an hil baitzan auto-ezbehar batean—. Krasnerren espiritu bikaina argi antzemoten da bere estudioan berrogeita hamar urte baino gehiagotan sortu zituan eta erakusketa honetan ospatzen ditugun obren multzoaren bidez.

Londreseko Barbican Centre museoak Guggenheim Bilbao Museoagaz batera antolatutako erakusketea, Terra Foundation for American Art Fundazinoaren lbabesagaz

Komisarioak: Eleanor Nairne eta Lucía Agirre

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu