Azkuna Zentroak eta UPV/EHUk lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2020-09-17 09:56   Kulturea

Kultura, arte, unibersidade eta ikerketa-gaitasuna indartzea da asmoa.

Bilboko alkate eta Azkuna Zentroko ohorezko buru Juan Mari Aburtok eta Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) errektore Nekane Balluerkak akordioa sinatu dabe Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroan. Lankidetzearen helburua da baterako jarduera-arloak lantzea ondoko arloetan: ezagutzea eta dibulgazinoa, kultura eta gizarte-garapena, arte plastikoak eta ikusizkoak eta gizarte-garapena.

Bilboko alkate eta Azkuna Zentroko ohorezko buru Juan Mari Aburtok eta Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Errektore Nekane Balluerkak berretsi dabe akordioa; ekitaldian, besteak beste, Kultura eta Gobernantzako udal ordezkaria, Azkuna Zentroko Administrazino Kontseiluko buru Gonzalo Olabarria; Patxi Jauristi (Bizkaiko Campuseko errektoreordea); Arantza Lauzirika (Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadeko dekanoa) eta Fernando Pérez zentroko zuzendaria izan dira.

Erakunde biek lankidetza-sistema baten alde egiten dabe eta sistema horren helburu nagusia izango da bientzat interesgarriak izango diran jarduera-arlo bateratuak jorratzea arte garaikidearen, kulturearen eta gizarte-garapenaren arloan.

Azkuna Zentroan sinatutako akordio honek erakunde bien kultur programazinoa koordinau eta osotzea ekarriko dau eta lankidetzea sustatuko dau arte plastiko eta ikus-entzunezkoen, eszenikoen, arkitekturearen eta pentsamenduaren arloetan.

Datozen lau urteetan, UPV/EHUk, Arte Eder Fakultadearen bitartez eta Azkuna Zentroak alkarren artean lan egingo dabe unibersidade-esparruan ikasketa eta ikerketa-lanak lantzeko programak ezartzeko, Gradu Amaierako Lanen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego tesien bidez. Gainera, lankidetzako prestakuntza-programak planteau ditue, besteak beste, mintegiak eta masterreko berezko tituluak. Master horreetako lehenengoa 2021-2022 ikasturtean eskainiko da eta ikusizko arteakaz eta zentroko programazioagaz lotuta egongo da.

Azken buruan, topaketak, berbaldiak eta prestakuntza eta dibulgazino-ikastaroak antolatuko ditue, arlo estrategikoakaz bat etorriz eta sareak, kontaktuak eta proiektuak konpartiduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu