Derioko Udala, Athletic Club Fundazinoagaz bat egin dauen lehenengoa

Bizkaie! 2020-09-17 09:25   Pil-pilean

Honen bidez, zeharkako lankidetzarako eredu barri bat landu gura da.

Esther Apraiz, Derioko alkatea, Nekane Aiarza, alkateordea eta Aitor Elizegi eta Juan Carlos Ercoreca, Athletic Clubeko eta Fundazinoko presidenteak Ibaiganen egon dira hitzarmena sinatzen. Derioko Udalak ongile lez sinatu eta Fundazinoari gizartea hobetzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartu dau. Idea da Bizkaiko ganerako udalek be aukerea izatea ekimen honegaz bat egiteko. Danon ongizatearen eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde lan egitea da Fundazinoaren asmoa.

Ekimenaren helburua Fundazinoaren eta udalen arteko akordio horreek zeozelan ofizial egin eta zabaltzea da; holan, Fundazinoaren gizarte, ingurumen, kirol eta kultur ekimenak udalerri horreetan jorratu ahal izango litzatekez.

Fundazinoak eskaintzen dauen jarduera katalogo zabalaren barruan, Derioko Udalak honako ekitaldi eta ekimenen inguruko interesa adierazo dau: Thinking Football Film Festival jaialdia, Irakurketa Tailer eta Klubak, BertsoDerbiaren edizino bereziak, adin txikikoen babesaren inguruan teknikari zein familia eta umeei emoten jaken prestakuntzea, Nutrizinoari buruzko mintegiak, kirol psikologia arloko Prestakuntzea, hirugarren edadekoentzako ergonomia saioak eta Fundazinoko Ongilearen figureagaz lotutako beste onura batzuk. Era berean, Fundazinoak eta Derioko Udalak zeharkako beste lankidetza-bide batzuk aztertu gura ditue, Fundazinoagaz lan egiten daben Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko alkarteentzat be onuragarria izan daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu