'Diario ilustrado del confinamiento de un Athletic-zale' lana argitaratzeko dirua behar da

Bizkaie! 2020-09-17 08:50   Pil-pilean

Tomás Ondarra marrazkilari eta idazlearen lan berezia da.



Papelezko edizinoa errealidade bihurtzeko mikro-finantzaketa kanpaina kolektiboa hasita dago eta helburua lortzen bada, irabaziak COVID-19agaz lotutako gizarte arloko helburuetara zuzenduko dira.

Proiektua errealidade bihurtzeko eta 40 eguneko epea izango dauen crowdfunding-ean parte hartzeko interesa dabenak sartu hemen

Konfinamenduaren memoria, sormen artistikoa eta Athletic eta Bilboren arteko pasinoa buztartzea da kanpainearen asmoa; Diario ilustrado del confinamiento de un Athletic-zale, Tomas Ondarra marrazkilari, ilustratzaile, kazetari eta Klubeko zuzendaritza taldeko kidearen irudimenetik, lumatik eta arkatzetatik sortutako lana da eta errealidade bihurtuko da mikro-mezenasgo kanpaineak datozen 40 egunetan beharrezko dirua lortzen badau.

Koronabirusaren krisiaren eraginez gure etxeetan giltzapetuta egon ginan eta Ondarrak eguneroko bitxi bati ekitea erabagi eban: egunero orrialde bikotx ilustratu bat egitea, hain zuzen be, osasun krisiaren gaurkotasuna ezkerreko orrialdean eta Athleticen historiako urte baten laburpena eskumakoan. Blog original eta personal hori be egunero argitaratzen zan egilearen sare sozialetan eta denpora gitxira itzel zabaldu zan.

Tomás Ondarraren Facebook, Twitter eta Instagrameko jarraitzaileek bultzatu dabe argitalpen-proiektuari ekitea, koronabirusaren 110 eguneko krisiaren bilakaereari buruzko eretxiak eta ehun urte baino gehiagoko klub baten kirol arloko jazoera garrantzitsuenak liburu bihurtzeko. Eta hori guztia oso ohikoa ez dan formatuagaz: marrazkiak, collageak, prentsako ebakinak eta testuak nahasten dituan formatu anitz eta ezohikoan.

Ia lau hilebetez, Ondarraren koloredun arkatzak, zelaian ebizen jokalarien arpegiz eta irudiz, San Mameseko Klubeko argazki enblematikoz eta Bilboko txoko maitagarriz, familiako gomutez eta konfinamenduak inspirautako irudiz bete dira, baita kutsatzeen bilakaerearen estadistika-taulez be.

200 marrazki baino gehiago

Egileak BAO Bilbao Edicionesen edizinoan, diseinuan eta maketazinoan eskarmentua eta sormen proiektuetan ibilbide luzea dauen bertako argitaletxearen, babesa dau. Proiektua da Diario ilustrado del confinamiento de un athleticzale lana Ondarraren jatorrizko egunerokoaren erreplika bihurtzea, tapa gogorra eta zarratzeko gomea izango dituan agenda formatuagaz. Danetara, 256 orrialde izango ditu; orrialde bikoitietan konfinamenduaren egunerokotasunari buruzko kolorezko 200 ilustrazino baino gehiagoren erreprodukzinoak egongo dira eta bakoitietan Athletic Clubaren historia.

Bestalde, proiektua bultzatu dauen gogo kolektiboagaz bat etorriz, crowdfunding formulea hautatu da papelezko edizinoa finantziau eta errealidade bihurtzeko. Esangura horretan, datozen 40 egunetan proiektua aurrera eroateko nahiko mezenas lortzen badira izango da errealidade.


Tomas Ondarra (Bilbo, 1963)

Infografoa, ilustratzailea eta idazlea da. Ibilbide profesionalari umorista grafiko lanetan ekin eutson La Gaceta del Norte egunkarian eta, ondoren, AEBetan, Argentinan, Brasilen, Dominikar Errepublikan eta Perun ibili da. El País egunkariko Infografia eta Ilustrazino erredaktore burua izan da eta aurretik Buenos Aireseko La Nación eta Bilboko El Correo egunkarietan kargu bera izan eban. El País-en egindako lanak nazinoarteko hamabost sari jaso ditu. Bilbora bueltau danetik, Txipiron estudio grafikoaren bazkide sortzaile eta sorkuntza-zuzendaria da eta Athletic Clubeko zuzendaritza taldeko kide 2018ko abendutik. Eta bilbainismoaren inguruko erreferentziazko hainbat liburu ilustraturen egilea da: De Bilbao de toda la vida edo De Bilbao ¡¡¡Ahivalaostia!!!.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu