Getxon, 2021ean egingo dan Munduko Sokatira Txapelketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2020-09-16 13:18   Kirola

Lurganeko txapelketak irailaren 15etik 19ra izango dira.

Faduran egingo da kluben araberako txapelketea lehenengo bi egunetan eta selekzino nazionalen araberakoa, barriz, zapatuan eta domekan. Txapelketeak munduko 30 herrialdetatik datozen 1500 kirolari inguru batzen ditu.

​Basque Country Nazinoarteko Sokatira Federazinoko (TWIF) eskubide osoko kidea da 2015etik. Aurten TWIF erakundeak bere 60. urteurrena ospatzen dau.

Gaur goizean aurkeztu dabe Euskal Museoan lurreko modalidadeko Sokatira Mundialaren Txapelketea eta han izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol foru diputadua; Amaia Agirre Getxoko alkate andrea; eta Galder Gobantes, Basque Countryren ordezkaria TWIFean, Mundialaren Antolakuntza Batzordearen izenean.

Aurtengo irailean zan hastekoa txapelketea, gaur hastekoa zan, hain zuzen be baina COVID-19 pandemiaren ondorioz, martian ospakizuna atzeratu behar izan eben.

Sokatira Mundialaren Txapelketea, Tug of War, kategoria ezbardinetan egingo da, modalidadeen eta pisuen arabera, sexuaren arabera eta mistoak diran atalak kontuan hartuta.

Mundialaren alderdi lehiakorra atal bitan egituratzen da​: txapelketearen lehenengo bi egunetan torneo bat ospatuko da TWIF erakundera batutako eta 72 herrialdetatik datozen klub kideen artean; azken bi egunetan, barriz, talde nazionalen araberako txapelketea egingo da.

Txapelketak urte birik behin egiten dira eta aurretik ibilita dagoz Hegoafrikako Lurmutur Urian, 2018an; Suediako Malmon, 2016an; edo AEBetako Madisonen, 2014an.

Bizkaiko udalerria nagusitu zan Suitza eta Holandako hautagaien artean 2015eko behin-betiko botazinoan, Nazinoarteko Federazinoak kirol diziplina honetan emondako 19 botoetatik 15 hartuta.


Antolatzaileak

Mundialaren deialdia Tug of War International Federation – TWIF ​erakundearen eskutik egin ​zan eta 2015 Malmoko Kongresuan mundialaren antolakuntzarako Getxoren kandidaturea esleitu eban.

Getxoko Sokatira Mundialaren tokiko antolakuntzea Euskadiko sokatirea sustatzen urte ugari emon dituen ​hiru erakunderi jagoke:​ ​Euskadiko eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeari eta Getxo Herri Kirol Taldeari​. Txapelketea Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udalaren babesari esker egingo da.


Munduko Txapelketea

Munduko Txapelketaren logoak erakargarri nagusi ​Sokatira Mundiala izenburua dakar, holan kirolaren euskerazko izendapena finkatuz, kirol honek gure lurrean izan dauen identidadea eta errotzea bistaratu guran; gardena eta sinplea da logoa, baina barritzailea, soka kontzeptua da nagusi, alkartzen dauen elementu bezela. Soka hori koloretsua da, kolore gorria, berdea, urdina, marroia eta baltza dituana.

Logoa osotzeko imagotipoagaz datorren taglinean Sokatira Mundiala kontzeptua eta Basque Country Tug Of War World Championships azpi-titulua azaltzen dira.


Basque Country talde nazionala

2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu eban Federazioan eta, ordutik, ​nazinoarteko txapelketetan parte hartu leike, Basque Country izendapenagaz​. Urte horretako abuztuan talde nazional modura lehenengo aldiz lehiatu zan, AEBetako Wisconsinen egindako lurreko Sokatira Mundialean.

2018an Lurmutur Urian egindako azken Munduko Txapelketan Basque Country taldearen ordezkaritzeak erantzun bikaina izan eban eta etxera zazpi domina ekarri zituen. Hiru sari selekzino nazionalen araberako txapelketan: zidarra gizonezkoen kategoriako 560 kilotan, brontzea emakumezkoen kategoriako 500 kilotan eta zidarra Mundialean lehiatzen diran proba guztien artean gogorrena eta lehiakorrena dan gizonezkoen 720 kilotako azken jardunaldian. Eta beste lau taldeen araberako modalidadean, Goiherrirako domina bi eta Gaztedirako beste bi: Goiherri, zidarra 560 kiloko kategorian; eta brontzea 640 kiloko gizonezkoen hitzorduan. Eta Gaztedi, zidarra emakumezkoen taldearentzat 540 kiloko kategorian; eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen Goiherriren kontra.


Informazinoa eta estekak

Munduko Txapelketea - Sokatira Mundialaren webgunea.

TWIF, Tug of War Nazinoarteko Federazinoa.

Euskal Joko eta Kirol Federakundea

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea

Getxo Herri Kirol Taldea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu