Fernando Pérezek Mark Green aurkeztuko dau jentaurrean
2020-09-16 08:49 KultureaIrailaren 17an aurkeztuko dabe eleberria.
Ez jat gauza honeek hemen jorratzea gustetan, holan hasten da Fernando Perezen azken eleberria, El último trabajo de Mark Green, haren aldartearen isla dana. Irailaren 17an, eguenean, lehen nobelearen aurkezpena egingo dau Donostiako Liburutegi Nagusian, Kerman Arzallus lagun eta idazlea izango dau alboan eta Arzallusek liburuaren aurkezpenaren ostean egingo daben barriketaldia gidatuko dau.
El último trabajo de Mark Green Fernando Perezek idatzitako laugarren eleberria da. 68ko matxinada betean jaio zan Madrilen eta Donostiako udal obren injinerua da egun. Mende honen hasieratik bizi da Donostian eta bere denpora librean idaztea dau pasino.
Literatureagaz dituan hartu-emon eta pasinoak ez dau hasiera datarik: Umetatik gustau jat istorioak entzun eta irudikatzea. Urteak daroaz idazten eta literaturako ikastaro asko egin ditu. Horrek hazten lagundu deutso. Liehiaketatan saritua izan da; literatura aldizkarietan kolaborazinoak idatzi ditu eta, horreez gan, beste hiru eleberri idatzi ditu. Azken hau, ostera, Loto Azul zigilupean Olé Libros argitaletxearen eskutik argitaratu dau. Mimo handiz eginiko lana.
Perezen azken lanak Mark Green dau protagonista, gizon heldu, bakarti eta estatus onekoa egun batean konturatzen dana bere bizimodua aurrera eroateko dauen modua ez jakola gustetan, azaldau dau injineru eta idazleak: Eleberri baltza da mafioso, epaile, politikari ustel, polizia, sikario, etorkinez, borreroz eta biktimaz betea. Gehienak Igeldo dabe bizileku: Ze leku ederra soldatapeko hiltzaile batentzat ezkutaleku seguru bat bermatzen deutson lekua baino? Eta, Fernandok, bere lanari esker, zehatz mehatz ezagutzen ditu bidezidor eta itsaso aldeko ezkutaleku guztiak. Mark Green be bikain eta eroso moldatzen da.
Modu batean, uriari eta uritarrei keinu egiten deutset eleberriaren bitartez. Donostiar bat gehiago bezela hartu nabe. Ezinbesteko baldintza ez bada be, oso garrantzitsua da liburua irakurten daben lagunek leku ezbardinak bistaratzea, adierazo dau Fernando Perezek.
Azken buruan, eleberria Donostiako liburu-denda ezbardinetan, Hontzan esaterako, eta argitaletxearen webgunean erosi daiteke (www.olelibros.com).
Fernandok badaki eleberri honen argitaralpenak ez dauela literaturaz dauen pasinoa baldintzatuko: Idazten jarraituko dot. Momentu honetan beste nobela bat amaitzen nabil eta, bertan, akzinoa eta egungo gizartearen jarrerak zalantzan jarten ditut.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!