Barriro jarri dabe Ebroko gerran hildako gudari eta milizianoen omenezko plakea

Bizkaie! 2020-09-14 07:50   Kulturea

Euskeraz, katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz idatzitako plakea da.

Inaugurazino-egunean, 2018ko urrian, jarritako plakea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eva Amposta El Pinell de Brai (Tarragona) herriko alkateak jakitera emon dauenez, 2018ko urrian Pàndols mendilerroaren (Tarragona) 705 kotan, Ebroko gerran (1938) hildako gudari eta miliziano guztiei autortzea egiteko jarri zan plakea, kendu eta ostu ebena, barriro jarri dabe.

2020ko zezeilean, Raimond J. Serresek, Pàndols 1938 Berrosaera eta Oroimen Alkarteko presidenteak, plakea desagertu zala jakinarazo eban. Serresen arabera, 2019ko abenduan, plakea bere lekuan egoan eta 2020ko zezeilaren 16an, domekan, kotaraino igon ginanean, urtero-urtero Biberoiaren Kinta deiturikoak Gerra
Zibileko biktima guztien oroimenez eregiteko monumentuaren ondoko antzezpena atontzen, plakea ez egoala jaubetu ginan; inguruetan bilatu eben, izan be, beste batzuetan, han kokatutako plakek ekintza bandalikoren baten ondorioz, lurrean botata topau izan dabelako. Alabaina, alkarteko buruak esan euskunez, orain ez dabe topau eta garaikurtzat eroan dabelako susmoa dago.

2018ko urriaren 14an, Euskaditik eta Kataluniatik joandako senide, lagun, erakundeetako ordezkari eta oroimena lantzen daben alkarteetako kideok, besteak beste, Sabino Arana Fundazinoa, Zabalkuntza Kultur Alkartea, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa, Burdin Hesia Ugaon, Gerediaga Alkartea, Gogora eta Euskal Prospekzinoa aitatutako kota horretan parte hartu genduan gerra garaian askatasunaren alde burrukan ibili eta bizia galdu eben gudari eta milizianoak gogoratu eta omentzeko ekitaldian.

Euskeraz, katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz idatzitako plakan, honako hau irakur daiteke: Vicente Egia Sagardui euskal komandantea Camposinesen hil zaneko 80. urteurrenean, Ebroko lurraldeotan askatasunaren eta demokraziaren alde burrukan ibili eta bizia galdu eben gudari eta miliziano guztien omenez. Pàndols mendilerroaren 705 kota, 2018ko urriaren 14a.

Pàndols mendilerroaren 705 kota dagoan udalerriko ordezkari nagusiak adierazo dau pozik dagoala plakea barriro jarri dalako, COVID-19aren izurriteak eragindako krisiaren erdian, horretarako aukerea izan eta berehala.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu