Alejandria artista madrildarrak gaueko eszenako erretratuak dakarz BilbaoArtera
2020-09-14 08:00 KultureaArgazkilariak erretratautako urien artean Bilbo dago.
BilbaoArte Fundazinoak Urazurrutia Aretoko ateak edegi deutsoz Alejandria artisteari hainbat uritako erretratuen bidez eszena klub sendo eta ahula edo eribera erakusteko; erretratu bildumea da, inprimidutakoa eta bideoan.
Alejandriak 2019an bekea jaso eta abenduan, beste zazpi artistagaz batera hautatu eben, Urazurrutia Aretoan erakusketa indibidualak egiteko 2020an. Erakusketa hau urriaren 9ra arte egongo da BilbaoArten.
Artistearen lehenengo erakusketea da eta bertan, hamar urteko lanaren emoitzea erakusten da, erabili eta botateko kamera analogikoakaz egindako erretratuen artxiboa, krisi bien arteko belaunaldi baten higadurea erakusten eta argitzen dauena. Batez be Madrilen, Alacanten, Montevideon eta Bilbon hartutakoak dira, bertan bizi izan baitzan artistea aldi baterako, egoitza artistikoen programei esker.
Argazkilari madrildarrak, gazte-gaztetatik, interes handia eban gaueko eszenearen aurrean eta etxetik iges egiten eban gauaren iluntasunean Madrilgo erdiguneko garitoetan zer jazoten zan jakiteko. Urte batzuk geroago, Arte Ederrak ikasten egoala, erretratuak egiten hasi zan, gaueko eta bere personaien momentuen bilduma bat osotuz klub, rave eta after ezbardinetan.
Feet dont't fail me now erakusketako erretratuek nostalgiaz begituten deutse jaiez eta kolektibidadez osotutako mundu honi. Alejandriaren berbetan, jantza pistak birtualak dira orain eta hori ez jat interesetan. Streaming bidezko jaiek triste jarten nabe eta jai on batek izan behar dauen guztia desitxuratzen dabe. Jantzan, izerditan eta bihurritzen diran gorputzek zuzenean joten dabe koronabirusaren prebentzino-neurriek ezarritako iruditeria barriagaz.
Erakusketa honi eta BilbaoArtek argitaratutako Comeer techno bailar techno: retratos de una generacion desechable en la decada de los 2010 liburuaren argitalpenari esker artisteak zarratu egin dau proiektu luzea.
Edozelan be, artisteak joan dan hamarkadan erregistrautako kontakizun, pasadizo eta erretratuen bildumea izango dogu eskura, Alejandriak azken urteotan autoeditau dituan aldizkarien bilduma baten edizinoaren bidez.
Alejandría Cinque (Madril, 1990)
Arte Ederretan lizentziau eta Praktika Eszenikoa eta Ikusizko Kultura masterra egin eban Madrilen. Eduki kritiko handiko proiektuak jorratzen ditu, hainbat kontzeptu landuz, besteak beste, gazteria, gaua, iraultzea, errebeldia, erotismoa eta araudiaren mugak desitxuratzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!