Japoniako zertzeladak Bilboko Rekalde Aretoan
2020-09-11 12:09 KultureaMawatreS eta Borja Gómez Diez artisten obrak ipini ditue.
Ertibil programearen 2019ko edizinoa irabazteagaitik Japonian egonaldia egin eben Juan Pablo Ordúñez / MawatreS eta Borja Gómez Diez artistek igazko udan. Han ikusi eta ikasitakoan oinarrituta sortu dituen artelanak erakusketa baten batu, eta Bilboko Rekalde Aretoan ipini ditue, Samurai festa izenburupean. Urriaren 12ra arte ikusi ahal izango da.
Juan Pablo Ordúñez / MawatreS Yokohama uriko Koganecho Art Center-en egon zan; Borja Gómez Diez, barriz, Youkobo Art Space-n, Joshibi-ko Artearen eta Diseinuaren Unibesidadeagaz lankidetzan. Sormen-espazio horreetan bizi izan zituen esperientzietan oinarrituta dagoz Samurai Festa erakusketako obrak.
Artista biakaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao egon da erakusketearen aurkezpenean. Japoniagaz egindako truke artistikoaren onurak aitatu ditu: Kulturen trukea aberasten dauen esperientzia da, eta oso tresna interesgarria sormenaren hazkunderako. Ekimen honegaz, artisten eta kulturen arteko alkarrizketea sustatu gura izan dogu, Bizkaiko talentuak beste herrialde batera bidaiatu deian, aberasteko eta barriro bueltetako.
Erakusketea doban bisitau leiteke. Horrezaz gan, interesa dabenentzako jarduera osogarriak antolatuko ditue. Lehenengoa, gaur, irailak 11, izango da, artista biak bertan dirala. Hilaren 16an beste topaketa bat egongo da. Foru Aldundiak argitalpen bi be plazaratu ditu, sortzaile bien arte-praktiken irudiakaz eta Iker Fidalgo eta Alberto Díez Gómezen testuez horniduta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!