Buenos Airesen kokatu dau Asel Luzarragak 'Bahiketa' nobelea

Bizkaie! 2020-09-11 09:50   Kulturea

Euskal Herritik hara joandako lagun bi dira protagonistak.

Asel Luzarraga (argazkia: Txalaparta) | Ikusi handiago | Argazki originala

1990eko hamarkadan Euskal Herritik Argentinara joan ziran Edu eta Matxin, Txalaparta argitaletxearen eskutik datorren Bahiketa liburuko protagonistak. Aldizkari anarkista baten dabiz biak, baina egun baten Matxin desagertu egingo da. Bahiketea izan ete dan, Asel Luzarraga autoreak zalantzarako tartea itxi dau.

Edu Matxinen bila dabilela, bien arteko hartu-emonen zertzeladak agertzen hasiko dira. Iraganeko kontuak, ezustekoak, gogoetak... zain ditu irakurleak. Beraz, Eduren ikuspegia jasoko dau irakurleak, haren pentsamenduek, idealizazinoek eta esperientziek deformauta. Psikologiatik asko dauka Bahiketa nobeleak.

Irakurleari pentsau eragiteko liburua da, eta auzi ugari mahai ganean jarten ditu Luzarragak: Memoriaren eta hartu-emonen inguruko gogoetak ez eze, ezkerreko mobimenduen kontraesanak erakusten ahalegindu da, teoriaren eta errealidadearen artean aldea dagoala uste dauelako.

Nobelako hirugarren protagonistea, Edu eta Matxinegaz batera, Buenos Aires dala esan leiteke. Luzarragak ondo ezagutzen dau Argentinako uriburua, eta liburuko orrietara eroan dau hango kaleen bizitasuna eta jentearen nortasun berezia. Montevideo, Paris eta Donostia be agertzen dira, eta horrek liburuari bidaia-kronika baten itxurea emon leikiola onartu dau egileak, baina ez da hori Bahiketa-ren ezaugarri nagusia.

Aurretik plazaratu dituan nobeletan legez, ziurtasunak emoten baino, zalantzea zabaltzen ahalegindu da Luzarraga. 2003an argitaratu eban lehenengoa, Hamaika ispilu ganbil, eta harrezkero, literaturan ibilbide oparoa egin dau. Horrezaz gan, irakaskuntzan eta itzulpengintzan ibilita dago, eta Hego Amerikako mobimendu sozialetan parte hartu izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu