Literaturia Zarautzera helduko da irailaren 25etik 27ra

Bizkaie! 2020-09-11 08:33   Kulturea

EIZIE eta Leire Bilbao omenduko ditue.

Literaturia jaialdi literarioari be eragin deutso Covid-19aren pandemiak, maiatzean egitekoa zan edizinoa atzeratu egin behar izan ebelako. Beraz, aurten, udagoienean egingo dabe, irailaren 25etik 27ra, Zarautzen. Betiko legez, idazleak, liburuak eta irakurleak ardatz dituan egitarau oparoa atondu dabe. Besteak beste, azokea, aurkezpenak eta mahai-inguruak egongo dira.

Betiko egitureari eutsi arren, aldaketa batzuk egingo ditue antolatzaileek. Orain arte Musika plazan egin izan dabe azokea, baina aurten Lege Zaharren plazan izango da. Ganera, karpea ipiniko dabe, eguraldiaren menpe ez egoteko. Hasierako ekitaldia, baina, Modelo aretoan izango da, hilaren 25ean. Hantxe irakurriko dau Garazi Arrulak Literaturiako manifestua.

Aurten itzulpengintzeari begira jarri dira antolatzaileak, literaturearen ateetako bat dalako. Horregaitik, hilaren 26ko eguerdian, EIZIE omenduko dabe, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea. Leire Bilbao idazleari be gorazarre egingo deutse, 27an.

Mahai-inguru eta barriketaldiak zapatuan eta domekan izango dira. Batetik, itzulpengintzaz egingo dabe berba Idoia Santamariak, Beñat Sarasolak eta Isabel Etxeberriak. Bestetik, Literateak mahai-inguruan hartuko dabe parte Antton Olariagak, Miren Amurizak eta Aitor Arregik. Azkenik, Anari eta Ruper Ordorika musikarien eretxia entzun ahal izango dogu, letragintzak kantuetan dauen pisuaz.

Literaturaz aparteko beste adierazpide kultural batzukaz jaialdi honek dauen loturearen erakusgarri da Anariren eta Ordorikaren arteko barriketaldia. Ganera, Pettik kontzertua joko dau 26an, eta antzerkia, ipuin-kontaketea... be badagoz egitarauan.

Pandemiak eragindako atzerapenez bada be, Literaturiak hamabigarren edizinoa bete ahal izango dau, beraz. Lehenengo bostak Larrabetzun egin zituen, eta Zarautzen zazpigarrenez egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu