Maider Lópezen 'Arnasa' urte amaierara arte egongo da Bilbon
2020-09-10 13:16 KultureaArte Eder Museoan dago, baina kanpotik begiratzeko piezea da.
Obra Konbidadua programearen barruan, Maider Lópezen Arnasa instalazino barritzailea ipini eban Bilboko Arte Eder Museoak konfinamenduan. Eraikinaren kanpotik ikusteko moduko obrea danez, museoa itxita dagoan bitartean be disfrutau leikie bilbotar eta bisitariek. Berez, irailaren 15ean ziran Arnasa kentzekoak, baina urte amaierara arte luzatu dabe.
Gauetan egoten da martxan Arnasa, museoa zarratu eta gero, 21:00etatik 01:00etara. Eraikineko argien intensidadeagaz jokatzen dau Lópezek instalazinoan, eta, era horretara, museoaren arnasea igarri leike ingurutik pasetan dan jenteak.
Maider Lópezen arabera, kaletik ikusteko piezea da, museoari kanpotik begiratzeko eta urian txertatzeko pentsautakoa. Obrea hartzen dauen espazioagaz eta gaur egungo egoereagaz estu lotuta dagoala dino artisteak.
Hemeretzi urte dira Obra Konbidadua martxan jarri zala, baina lehenengo aldiz egin dau sortzaile batek esku-hartze artistiko bat programa honetarako beren-beregi. Izan be, normalean, beste museo edo bilduma batzuetako artelanak ekarten ditue, denpora batez Bilbon ikusi daitezan. Beraz, salbuespena da Arnasa, salbuespenez betetako sasoiotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!