Ziortzako Kontzertuak hurrengo asteburu bietan izango dira
2020-09-10 12:35 MusikeaAntxinako musikeaz gozetako lau kontzertu dagoz egitarauan.
Covid-19aren pandemiak eskaintza kulturala zalantzan jarri badau be, Ziortzako Kontzertuak zikloak urteroko hitzorduari eutsi deutso. Segurtasun neurri guztiak gogoan eta aforoa mugatuta, lau kontzertu antolatu ahal izan ditue 32. edizino honetan, irailaren 12an, 13an, 19an eta 20an (danak 18:00etan). Betiko legez, Ziortzako Kolegiatea izango da egoitzea.
Zikloaren bultzatzaile nagusi Koldo Narbaizak azaldu dauenez, Ziortzako Kontzertuak ez egiteko aukerea be ibili eben buruan, azkenaldion agertu diran trabak ikusita. Isaac Totorika Kolegiatako burua hil da oraintsu, eta zikloaren maitale handia zanez, haren omenez aurrera egitea erabagi dabe azkenean.
Erakunde publiko zein pribaduen babesa be ezinbestekoa izan da Ziortzako Kontzertuak antolatzeko, Narbaizaren esanetan, gastuek gora egin dabelako pandemiagaitik: Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Gondra Barandiaran Fundazinoa, Ziortza-Bolibarko Udala, Ziortzako Kontzertuak Kultura Alkartea eta Labayru Fundazinoa dira laguntzaileak.
Antxinako musikea da zikloaren ardatza. Horrezaz gan, Bizkaiko ondarea plazaratzeko aukera polita be bada, Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturberen arabera. Bere ustez, Kolegiatea leku aproposa da ziklo honetarako.
Propitia-Sydera orkestra barrokoak edegiko dau aurtengo programea, hilaren 12an. Saskia Salembier sopranoaren laguntasunagaz, Frantziako antxinako konpositoreen piezetatik ibilbidea egingo dabe. Pedro Gandia biolin-jotzailea izango da kontzertu horretako zuzendaria.
Hilaren 13an, Thomas Ospital eta Ainhoa Barredo organo-jotzaileen txandea izango da. Bizkaiko organorik zaharrena da Ziortzako Kolegiatakoa, 1686koa, eta errepertorio zabala jo ahal izango dabe Ospitalek eta Barredok, inprobisazinorako tartea be gordeta.
Bigarren asteburuan, 19an, La Grande Chapelle konpainia helduko da Ziortzara, Albert Recasensen zuzendaritzapean. 20an, Vocalia Taldeak eta Conductus Ensemblek kantauko dabe, Basilio Astulez eta Andoni Sierra zuzendari dirala, hurranez hurran.
Kontzertu bakotxean gehienez 120 lagun sartu ahal izango dira, osasun neurriak bete ahal izateko. Horregaitik, kontzertuetara joan nahi daben guztiei eskatu deutse erreserbea aurretiaz egiteko, Ziortzako Kontzertuen webgunearen bidez. Ganera, kontzertuen grabazinoak webgunean ipiniko ditue, joan ezin dabenek be gozau deien.
Urtero legez, kontzertuetara joateko autobusak ipiniko ditue Bilbotik. Elkano kaleko 5. zenbakitik urtengo dabe, 16:00etan, eta gonbidapena eskatuta daukienak baino ezin izango dira sartu. Joan-etorria 10 euro izango dira.
Aurtengo edizinoko kartela Dario Urzay artisteak diseinau dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!