Hemen da ‘Sortu. Agertu. Orekatu’ erakusketea

Bizkaie! 2020-09-09 11:51   Kulturea

Baffesteko Sortu. Agertu. Orekatu irailaren 9tik 30era ikusi ahal izango da.

Barakaldoko Udalak bultzatzen dauen eta Fotopop Kultur Produkzinoak etxeak antolatzen dauen V. Baffest Argazki Jaialdia badator Sortu. Agertu. Orekatu (Irailaren 9tik 30era) erakusketeari esker. Erakusketea Jaialdiaren atarikoa da eta Emakunderen eskutik etorriko da.

Sortu. Agertu. Orekatu erakusketea, lehiaketearen aurreko edizinoren batean parte hartu daben hamar emakume argazkilariren hamar irudik osotzen dabe.

Emakundek lagundutako erakusketea da, emakume argazkilariak bistaratzeko helburua dauena eta Euskal Emakume Argazkilari Barrien Lehiaketearen atzera begirakoa (2016-19).

Urriaren 1etik 31ra egingo dan Baffest formatu handiko uriko argazkilaritza hitzordua da eta herritar guztiei zuzenduta dagoan arren, erabateko protagonistak emakume erretratugileak dira. Esangura horretan, Baffest 2020, Euskadin jaio edo bizi diran emakume erretratugileei zuzendutako Euskal Emakume Argazkilari Barrien Lehiaketeak eta Atal Nagusiak osotzen dabe.

2020ko Baffest urriaren 1etik 31ra

Barakaldok (Bizkaia) udagoienean hartuko dau emakume argazkilarien jaialdiaren bosgarren edizinoa. Emakume argazkilarien lanei ikusgarritasuna emoten jarraitu nahi dogu, berdintasunaren eta kultura eskuragarriaren alde lanean jarraitzen dogu.

Baffestek Euskal Emakume Argazkilari Barrien Lehiaketea antolatzen dau urtero. 2020ko partaidetzak 2019koa bikoiztu egin dau. Guztira 55 lan jaso ziren deialdia irekita egon zen epealdian (otsailaren 12tik martxoaren 22ra).

Nagore Legarretak, Lehiaketaren arduradunak, honakoa adierazi dau: Oso pozik gagoz aurten lehiaketarako jaso ditugun proposamenen kopuru eta kalidadeagaz. Urtetik urtera, gero eta parte-hartzaile kopurua handiagoa da eta horrek indartu egiten gaitu, jaialdiaren helburua Baffesteko komunidadea hazten joatea baita, gure artean sareak sortuz. Lehiaketa bat baino gehiago topaleku legez ulertzen dogu, gure inguruko argazkilarien lana sortu eta zabaltzeko pizgarri legez. Eskerrik asko euren lanak aurkeztu dituen parte-hartzaile guztiei.

Eneka Fernández, Itziar Bastarrika, Ixone Sádaba eta Roberto Villalónek osotutako epaimahaiak V. Baffesten parte hartuko daben 8 finalistak aukeratu ditu:

María Azkarate, Tercer paisaje. Una utopía contemporánea.

Leire Zabaleta, Mírame.

Yone Estivariz, Gu, Latxa.

María Sánchez, Deméter.

Eider Moreno, Apurtu.

Maied Urrutia, 30 veces yo.

Miren Barrena, Solo hace falta pegamento para atrapar el pasado.

Ana Martín, ¿Y si Jesucristo hubiese nacido mujer?.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu