'Ez dok ero', Patxo Telleria eta Mikel Martinezen antzezlan barria

Bizkaie! 2020-09-09 08:20   Kulturea

Zemendiaren 10ean eta 11n estreinauko dabe, Bilboko Arriaga Antzokian.

ED3 bikote artistikoa, Patxo Telleria eta Mikel Martinezena, bueltan da, beste antzezlan umoretsu eta zorrotz bategaz. Zemendiaren 10ean eta 11n estreinauko dabe, Bilboko Arriaga Antzokian, Ez dok ero obrea. Patxo Telleriak idatzi dau gidoia, eta Jokin Oregi da zuzendaria. Jatorrizko musikea Adrian Garcia de los Ojosena da.

Oholtzan aktore bi agertuko dira, Telleria eta Martinez. Euren azkenengo lanetan ohikoa izan dan moduan, euskerea eta euskal kulturea izango dira istorioaren ardatza, euskal imaginario kolektiboak eta sinbolo kulturalek leku zabala hartzen dabe. Euskal Antzerkiaren road movie zoroa dogu, euskal kulturea, antzerkia eta gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskaintzen dauena, egileen arabera.

Mikelote eta Pantxo dira antzezlaneko protagonistak. Bikote artistiko honen formulea gastauta dagoanez, belaunaldi barriek kendu deutse lekua, eta agertokietatik urrundu dira biak. Pantxo pozik dago behartutako erretiroan, baina Mikelotek ezin dau antzerki barik bizi. Hortaz, Mikelotek Pantxo konbenziduko dau herririk herri birea egiteko.

Estreinaldia baino lehen, hilabeteko egonaldi artistikoa egingo dau ED3 bikoteak Basauriko Social Antzokian, proiektuari behin betiko formea eta esangurea emoteko asmoz. Ganera, koproduktoreen artean egongo da Social Antzokia bera.

Arriagan lehenengo emonaldi biak egin eta gero, herririk herri ibiliko dira Ez dok ero aurkezten. Zemendiaren 14an Astigarragan egongo dira, eta 27an, Etxarri Aranatzen. Abenduan Oñati, Donostia, Bermeo eta Leioaren txandea izango da. 2021erako be baditue hitzordu ugari: Erandion, Sopelan, Durangon, Iruñean, Eibarren, Santurtzin...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu