Lau tailer dakarz BilbaoEszenak denporaldi honetan
2020-09-09 08:14 KultureaIzena emoteko epea irailaren 14an zabalduko dabe.
BilbaoEszenak, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak, antzerki-tailerrak ipiniko ditu martxan 2020-21 ikasturtean, urrian hasita. Urte osoko lau tailer nagusi egongo dira, ume, gazte zein helduentzat. Izena emoteko epea irailaren 14tik 21era egongo da zabalik, Bilboko Udalaren webgunearen bidez. Ikastaroak presentzialak izango dira, baina osasun egoerearen arabera, online izatera pasau leitekez.
45 orduko ikastaro bat egongo da 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, antzerkigintzearen hasi-masiak lantzeko. 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat antzeko beste bat antolatu dabe.
Helduen eskaintzeari jagokonez, 60 orduko kursoa izango da, prestakuntzea eta sorkuntza eszenikoa ardatz. Izatez, ikastaro bi izango dira: Euskerazkoa, Maria Urcelayk gidatuta, eta gaztelaniazkoa, Nuria M. Cresen eskutik.
Ume zein helduen ikastaroak interesa dauen edonorentzat aproposak dira, antzerkiaren eta eszenearen munduan interesa badabe. Oinarrizko eremu bi landuko dira: aktore-lana (energia, erritmoa, adierazpena, koordinazinoa, emozinoa…) eta sorkuntza-lana (inprobisazinoa, espazioaren definizinoa eta ideak bilatzea).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!