Mungiako Bentades Ikastetxeko ikasleak etxera

Bizkaie! 2020-09-09 08:25   Pil-pilean

Umejagoletzea eta urte bikoentzako ikasgelak edegita egongo dira.

Mungiako Bentades Ikastetxea zarratuta egongo da gaur, eguaztena, azken orduetan irakasle batzuek positibo emon ostean.

Zuzendaritzeak gurasoei bialdutako oharrean dinotse erabagia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz adostu dabela eta Umejagoletzea eta urte bikoentzako ikasgelak zabalik egongo dirala.

Bentades itunpeko ikastetxe pribatua da eta 0-16 urte arteko 750 ikasle dauzka.


Graduko 34.000 ikaslek hasiko ditue 2020-2021 ikasturteko eskolak UPV/EHUn

Orain arte 103 graduetan lehen mailako 8.459 ikasle matrikulau dira eta asteon hasi da 2020-2021 ikasturtea Euskal Herriko Unibersidadean. Presentzialtasun-ehuneko handi bat eta baldintza sanitario eta akademiko onenak buztartzea dau helburu.

Irailaren 11n eta 17an egingo diran azken matrikula-epeak osotu barik, dagoeneko 8.459 ikasle barri matrikulau dira: Emakumeak dira % 57 eta gizonak, % 43.

Hizkuntzeari jagokonez, % 53,9 euskerazko taldeetan matrikulau dira (igaz baino portzentaje altutxuagoa) eta % 46,1, gaztelaniazkoetan.

Campusen arabera zehatzen baditugu ikasle barrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulau dira % 53,2; Gipuzkoakoan, % 25,7; eta Arabakoan, % 21,1. Arloen arabera sailkatuta, % 42 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulau dira; % 22, Injinerutza eta Arkitekturan; % 16, Osasun Zientzietan; % 11 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 9 Zientzien adarrean.

Matrikulea guztiz zarratuta ez dagoan honetan, Fisikako eta Injinerutza Elektronikoko Gradu Bikotxak dau aurtengo gitxieneko notarik altuena: 13,124. Atzetik dau Biokimika eta Biologia Molekularra (13,089); Medikuntzea gaztelaniaz (12,848); Medikuntzea euskeraz (12,630); Bioteknologia (12,587); Gradu Bikotxa: Farmazia + Giza Nutrizinoa eta Dietetikea (12,534) eta Fisikea (12,459); Odontologia (12,271); Matematikako Gradua (12,252) eta Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,079).
Nekane Balluerka errektorearen eretxiz, '2020-2021 ikasturtea ziurbakotasun maila bategaz hasi da, baina betiko ilusinoagaz. Euskal Herriko Unibersidadeak beharrezko egokitzapen guztiak egin ditu, gure ikasleei irakaskuntza ahalik eta ondoen emoten jakela bermatzeko. Badakigu gaur egungo osasun-testuingurua salbuespenezkoa dala; horregaitik, personen segurtasuna erabateko lehentasuntzat jo dogu ikasturte barri honetan. Lehen egunak normaltasunez egin dira, eta etorkizunean be holan jarraitzea espero dot'.


IIL eta AZP

Euskal Herriko Unibersidadek 5.496 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu ikasturteon (talde honetan emakumeen portzentajearen igoerea etenbakoa da) eta 1.893 Administrazino eta Zerbitzuetako (AZP) langile. Ikasturte honetan, UPV/EHUk lan eskaintza publikoak onartzea dau helburu eta horreei esker, behin-behineko langileen tasea bajau eta pertsonalaren promozinoa bultzatuko da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu