'Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko' erakusketea aurkeztu dabe
2020-09-08 13:37 Kulturea2020ko irailaren 9tik abenduaren 8ra ikusi ahal izango da.
Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko erakusketea Donostiako Zinemaldiaren, Elías Querejeta Zinema Eskolearen eta Artium Museoaren produkzinoa da eta gaur aurkeztu dabe erakusketea Artium Museoak, Elías Querejeta Zinema Eskoleak eta Donostiako Zinemaldiak. Komisarioa Pablo La Parra da. Ikus-entzunezko materialak, gutunak, argazkiak eta dokumentuak, asko eta asko argitaratu bakoak erabiliz, Zinemaldiaren ibilbidean erabateko aldaketea ekarri eban edizino bat berreregi dabe. 1977ko Donostiako Zinemaldia dau ardatz erakusketeak, jaialdiaren kudeaketea Donostiara eroan ondoren egindako lehenengoa. Zinemaldiaren artxiboko material ugari batu ditu erakusketeak, horreetako asko argitaratu bakoak, berbarako, gutunak, dokumentuak, argazkiak eta aldizkariak. Proiektu hau Artium Museoaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian bildumako erakusketeari lotuta dago eta Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektuaren parte da, Zinemaldiak eta EQZEk sustatua.
Erakusketa honetan Expediente aurkeztu dabe, film labur onenaren Urrezko Maskorraren irabazlea, Elias Querejeta Zinema Eskoleak zaharbarritu eta digitalizautakoa.
Donostiako 25. Zinemaldiko parte-hartzaileek 1977ko irailaren 10ean aldizkari ofizialaren lehen alea edegi eta ez eben zidarrezko ezteien ospakizunik topau, ezta ohiko protokolo-formularik be, lehen aldiz euskeraz be idatzitako baieztapen ezohiko bat baino: Zinemaldiak 24 edizino izan ditu. Ez dugu gogoko. Aldaketa erradikalaren agintza bat eta ordura arteko historiaren kontrako jarrerea. Lehen aldiz, Zinemaldia Madrildik kudeatzeari itxi eta bertako batzorde baten esku geratu zan. Batzorde horrek artista-taldeetako, zineklubetako eta auzo-alkarteetako ordezkariak batzen zituan. Frankismoak ostutako denporea berreskuratzeko saioa izan zan Donostia 77: diktadurako biktimak eta erbesteratutako eta zentsurautako zinemagileak omendu zituan egitarauak, proiekzinoak eta bestelakoak auzo eta herrietara zabaldu zituen, Euskal Herriaren aldarrikapenak babestu. Laburbatuz, jaialdi demokratiko eta herrikoi barri bat irudikatzeko plataforma legez aldarrikatu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!