Atalak Sarea Euroeskualdeko sorkuntza koreografikoa sustatzen dabil

Bizkaie! 2020-09-08 12:25   Kulturea

10 jantzari Laida Aldaz koreografoagaz kolaboretan dabiz.

Atalak, Sorkuntza Koreografikorako Mugaz Haraindiko Sareak, Euroeskualdeko sorkuntza koreografikoaren sustapena egiten jarraitzen dau eta 2020. urterako programautako bigarren sorkuntza laborategia jarri dau abian: Atalak Sarea osotzen dogun erakundeok egoera barrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi dogu pandemian eta horren adibide da itxialdi betean, apirilean eta maiatzean martxan jarritako esperimentazino laborategia. Etenbako aldaketan dagoan ez ohiko egoereari aurre eginez eta sektoreko erronka barriei erantzuna emonez Atalak sarea lanean dabil sorkuntza koreografikoaren sustapenean. Euskadi-Nafarroa-Akitania Barria Euroeskualdeko sorkuntza koreografikoa indartzea inoiz baino garrantzitsuago da eta horretan gabiz azaldu dabe Atalak Sareko kideek.

Abuztuaren 31tik irailaren 11ra, 10 jantzari Laida Aldaz (Nafarroa) koreografoagaz kolaborazinoan dabiz. Laidaren proposamena, Site Specific, Ciudad en Creación, gure ingurunea behatzean oinarritzen da, sorkuntza-jarduerarako inspirazino lez erabilteko: Uriaren konposizino espaziala kontuan hartzen dogu; non, zelan eta zer sortu nahi dogun erabagiteko. Material koreografikoaren errealidadea espazio eta leku desbardinakaz trukatuz, proposamen koreografikoak espazio eszenikotik kanpora eroaten dira, nabarmendu dau Aldazek.

Aste bitan egindako lanaren aurkezpena ondorengo lekuetan egongo da ikusgai: irailaren 11an, Gipuzkoako Dantzagunean (Errenteria 13:00); irailaren 15ean, Carmen Thyssen Bornemisza Kultur Etxean (Los Arcos 19:30); irailaren 16an, Teatro Felix Petite (Vitoria-Gasteiz 20:00); irailaren 17an, Tabakalerako Patio aretoan (Donostia 19:30); eta irailaren 20an, Gare du Midiko Gamaritz aretoan (Biarritz 18:00), Temps d`Aimer la Danse jaialdiaren 30. edizinoaren barruan. Aurkezpenok mediazinorako eta topagunerako tresna dira publikoarentzat eta horreei esker, jantza garaikidearen barruko prozesuak ezagutzeko aukerea eskaintzen da. Erakustaldietan prozesuetan jarten da fokua eta ez emoitzetan.

Sorkuntza laborategian Laida Aldazek Loránd Jano kanpo begiaren laguntzinoa izango dau; ondorengo jantzariak dabiz Aldaz eta Janogaz alkarlanean: Alicia Cayrou, Elene Carreto, Marina Eskisabel, Maddi Gaztelumendi, Laura Gómez, Aitor Jiménez, Araitz Lasa, Xian Martinez, Iker Sanz eta Beñat Urrutia.


Laida Aldaz (Etxarri Aranaz, 1980)

2000. urtean graduau zan Nafarroako Jantza Eskola Ofizialean eta PARTSen (Bruselan) jarraitu eban bere formazinoa. Hainbat artista eta konpainiarentzat lan egin dau, besteen artean, David Zambrano, Julyen Hamilton, Ali & Hedi Thabet, Mat Voorter, Irma Firma, Enclave Dance Company, Kakao Bleu edota Zoo Dance Company. Ibilbide profesionala diziplina ezbardinak lantzen dituen artistakaz buztartu dau eta hainbat lan sortu ditu sariak eta diru-laguntzak jaso eta nazinoartean oihartzuna izan dabenak (Japonia, AEB, Belgika, Espainia, Portugal, Alemanania, Erresuma Batua...). Gaur egun, bere piezak sortzeaz gan, Zinetika zinemea eta jantza jaialdiaren zuzendaria da eta Carmen Larraz eta Marta Coronadogaz batera Faktoria Zentro Koreografikoa zuzentzen dau.


Atalak Euroeskualdeko sorkuntza koreografikorako sustapena

Jantzaz buru dauen mugaz haraindiko proiektuaren bazkide nagusiak CCN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte Fundazinoa, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea eta Vitoria-Gasteizko Antzerki Sarea dira.

Urtez urte kolaboratzaile sare handiagoa ehuntzen dagoz: Jantzerti-Euskadiko Goi Mailako Konserbatorioa, Maurice Ravel Baiona-Biarritzeko Konserbatorioa, Jose Uruñuela Vitoria-Gasteizko Konserbatorioa, SGAE Fundazinoa, La Fundicion eta Azala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu