Pou Anaiek esku-eskura dabe Peña Santako tontorra
2020-09-08 08:54 KirolaHormarik gatxena gainditu dabe, hainbat egunetako ahaleginari esker.
Europako Mendietako tontor ospetsuenetako baten, Peña Santa de Castillan (2.596 m), bide barria zabaltzeko lanean dabiz Eneko eta Iker Pou anaia eskalatzaileak, Kico Cerdá argentinarragaz batera. Egunotan ibili dira ibilbide guztiko hormarik gatxena gainditu nahian, eta bialdu daben informazinoaren arabera, kostata, baina amaitu dabe luze arriskutsu hori. Hortaz, hurrago dabe Peña Santako tontorra.
150 metro baino gehiagoko hormea izan da, leun-leuna eta helduleku bakoa ia. Horren barruan, 11. luzea izan da gatxena, 40 metro ingurukoa, eta ia-ia espedizinoa amaitzera behartu dituana. Hainbat egun han zintzilik egon eta gero, baina, hiru eskalatzaileek lortu dabe luzea osorik gainditzea.
Pou Anaiek ohar baten azaldu dabenez, 8c mailako luze hori, euren ibilbidean topau daben gatxenetako bat izan da, era horretako hormetan behintzat. Indarra eta teknikea ez eze, alderdi psikologikotik sendo ibiltea be beharrezkoa da horma hori igoteko.
Teknika librean igon dabe hormea Pou Anaiek eta Kico Cerdák, 500 metroko amildegia azpian dabela. Behin igarobide gatx hori pasauta, kalkulau dabe hurrengo egunetan helduko dirala Peña Santako tontorrera.
Argazkiak: Pou Anaiak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!