Durangoko uda kulturalak jentearen babesa izan dau
2020-09-08 08:42 KultureaHerritarrak gogoz hurreratu dira ikuskizun gehienetara.
Konfinamenduaren ostean programazino kulturala berreskuratu eta sektoreari arnasea emoteko, Uda Kulturaz Blai! izeneko ekimena antolatu dabe Durangon. Garagarrilaren 2tik irailaren 5era, antzerkia, musikea, ipuin-kontalariak eta bestelako ikuskizunak programau ditue, ume zein helduak gogoan. Udalak egin dauen balorazinoan pozik agertu da, segurtasun neurri guztiak bete ahal izan dituelako eta jente ugari joan dalako.
Aurreikusitako 38 ekitaldietatik 35 egin ahal izan dira. Euriagaitik itxi eben bat bertan behera, beste baten ez zan ikusle nahikorik joan eta konpainia Durangora heldu ezinda geratu zan hurrengo baten. Egin diran 35 ikuskizunetara 4.600 ikusle joan dira, hau da, jesarleku guztien % 72. Erraza izan da kontaketea, aforoak zehatz mugatuta egon diralako.
Arrakasta handiena izan daben saioak Markeliñe, Sua eta Panoli Kabareta izan dira, leku guzti-guztiak bete diralako. Bingo Boludaren lau saioetatik hirutan be beteta egon dira jesarleku guztiak. Tailerrei jagokenez, 18 egon dira aurreikusita, eta 15 egin dira, besteetan ez dalako jente nahikorik egon. Bisita gidatuetan 108 lagunek hartu dabe parte.
Hasiera baten, garagarrileko saioetarako, hiru gune seguru atondu zituen: Plateruena, Landako Eskolea eta Kurutziaga Ikastolea. Esperientzia ondo joan zala ikusirik, abuztuan beste eremu batzuk be erabilten hasi ziran, adibidez, Tabirako parkea eta Benita Uribarrena.
Kasu guztietan, publikoak segurtasun neurri guztiak onartu eta bete ditu. Hortaz, Durangoko Udala pozik agertu da udako programazino berezi honen emoitzeagaz. Durango berraktibetako kulturea ezinbestekoa da. Gauzak holan, udarako kultur eskaintza indartsu eta segurua egitea erabaki genduan. Emoitza begibistakoa da: Durango kulturaz bete da udan, adierazo dau Ima Garrastatxu alkateak.
Egitaraua atontzeko eragileen artean sortu dan alkarlana be azpimarratu dabe Udaleko ordezkariek. Programazino askotariko eta zabal bat eskaintzeko asmoz, Arte eta Historia Museoa, San Agustin Kulturgunea, Plateruena, Bibliotekea, Denporearen Bankua eta beste ibili dira alkarregaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!