Euskaltzaindiak lau liburu aurkeztu ditu Saran
2020-09-07 07:56 KultureaIdazleen Biltzarraren ezohiko edizinoa izan da aurtengoa.
Covid-19aren pandemiak bete-betean eragin deutso Sarako Idazleen Biltzarrari. Udabarrian egin beharreko azokea atzo, domekea, egin eben, irailaren hasieran, normalean baino segurtasun neurri handiagoakaz. Egun bakarreko hitzordua izan zan, azken urteotako egitarau bikotxaren ordez.
Beraz, beste edizino batzuetan baino idazle eta irakurle gitxiago joan ziran Sarara, baina, halandabe, jatsierea ez zan handia izan, eta giro onean pasau zan eguna. Ganera, dozenaka nobedade aurkeztu ziran, esate baterako, Euskaltzaindiak eroan zituan lau liburu barriak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Saran adierazo ebanez, gure helburua bikotxa da: batetik, Ipar Euskal Herriko egile eta ikerlariak sustatu nahi doguz, eta, bestetik, idazle klasikoen testuak plazaratu, belaunaldi barrien eskura jarriz. Zeregin horretarako alkarlanaren alde egiten dau Akademiak, Urrutiaren arabera.
Euskal Literaturaren Antologia Ixabel Etxeberriak aurkeztu dau, liburua atondu dauen lantaldearen izenean. XVII. eta XVIII. mendeko euskal idazleen testurik onenak batzea da 700 orriko antologia horren helburua. Henri Duhau ohorezko euskaltzainak Adrien Gachyteguy: Laborantza. Laborantzatik hobeto bizitzeko izeneko lana aurkeztu dau Saran.
Bestetik, Itziar Madina ikerlariak Eñaut Etxamendiren obra narratiboaren hurrerapen kritikoa eroan dau Sarara, doktore tesian egindako lanaren jarraipena. Azkenik, Peio Jorajuriaren lan bat aurkeztu dau Euskaltzaindiak Idazleen Biltzarrean. Emil Larre euskaltzaina zanaren obra osoak batu ditu Jorajuriak Emil Larre 1926-2015: lekukotasun, kantu eta idazki izeneko liburuan. Larreren testuez gan, bera ezagutzen ebenen aitamenak be badakarz liburuak.
Sarako Idazleen Biltzarraren ezaugarri nagusia idazleak eta irakurleak alkartzea da, bien arteko zubilana egitea. Horregaitik, Euskaltzaindiaren izenean joandakoez gan, beste autore asko be erakusmahaietan egon dira, jenteagaz berba egiteko prest. Bestetik, Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi omendu ditu Biltzarrak edizino honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!