372.000 ikaslek ekingo deutse ikasturteari

Bizkaie! 2020-09-07 08:20   Pil-pilean

Irailaren 7an hasiko da ikasturtea Ume eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1 eta 2 mailetako ikasleentzat.

Irailaren 7an hasiko da ikasturtea Ume eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1 eta 2 mailetako ikasleentzat.

Irailaren 7an hasiko da, astelehenean, 2020-2021 ikasturtea Euskadin, 372.000 ikasle ingurugaz, unibersidadez kanpoko hezkuntza-etapetan. Datu horrek %0,67-ko jatsierea dakar joan zan ikasturteagaz alderatuta, unibersidade aurreko etapetan. Jaiotza-tasearen jatsierearen ondorioz, azken urteetan pasau dan legez, beherakadarik nabarmenena Ume Hezkuntzan izan da (0-5 urte tartean), 4.938 ikasle gitxiagogaz (% 5,9 gitxiago). Lehen Hezkuntzan be –aurreko ikasturtean hasi zan beherakada hori igarten da etapa honetan- ikasgeletara bueltetea 1.593 ume gitxiagogaz etorriko da (% 1,22 gitxiago).

Familiek seme-alabak eskolatzeko aukeratzen daben sareari jagokonez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekeak Euskal Hezkuntza Sistemearen ezaugarri izaten jarraitzen dau, baina erdiek baino gehiagok aukeratzen dabe publikoa. Familien % 50,9k sare hau aukeratzen dau, eta % 49,1ek, barriz, itunpekoa edo pribatua.

Hizkuntza-ereduei jagokenez, azken urteetako jokereak jarraitzen dau: D eredua da ikasle guztien artean hautatuena eta Ume Hezkuntzan hazten jarraitzen dau: 3-5 urteko edade-tartean, 0,8 puntu egin da gora, ikasleen % 81,2 D ereduan egonik. B eredua % 15,6k aukeratu dau eta A eredua, barriz, familien % 3,2k edade tarte horretan.

Lanbide Heziketan, aurrematrikula datuek igoerea erakusten dabe ikasle kopuruan (% 4,35 gehiago). Dana dala, Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da igoera hori aitaturikoa baino handiagoa izango dala urrian, matrikula epea zarratukeran. Lanbide Heziketan datuek erakusten dabe ikasgaiak euskeraz emoten dituen
ereduek gora egin dabela. D eredua % 21,3tik % 21,8ra igaro da aurreko ikasturtetik hona eta B ereduan 1,2 puntukoa da igoerea, % 18,8tik % 20ra.

2020-2021 ikasturte barri honetan ikasgeletara bueltea mailakatua izango da: Irailaren 7an, astelehenean, Ume Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak hasiko dira. DBHko 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergokoak irailaren 15ean; eta Lanbide Heziketan, barriz, hilaren 14tik aurrera eta
irailean zehar bueltauko dira, mailearen eta zikloen arabera.


Amezketa

Maisu batek emon dauen positiboak eraginda Amezketako ikastetxean astebete atzeratuko dabe geletara bueltea ganerako irakasleek etxean egon beharko dabelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu