Itsas ondarea babesteko laguntzinoen deialdia martxan

Bizkaie! 2020-09-04 12:35   Kulturea

Jaurlaritzako Kultura Sailak 100.000 euro emongo ditu.

Mendieta ontziola tradizionala, Lekeition | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak itsas ondarea babestu eta zabaltzeko diru-laguntzinoen deialdia argitaratu dau, aurten hirugarren aldiz jarraian. Laguntzinook sortu ziran ikusi zalako itsas ondarea ez zala behar dan moduan babesten ordura arte. Izan be, sektorean teknika barriak sartu ahala, elementu historiko asko galdu egin dira. Egurrezko ontzi tradizionalak gero eta gitxiago dagozanez Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, batez be alor horretan eragin nahi dau deialdiak.

Lau ataletan banatuta dago deialdia, eta danetara 100.000 euro banatuko dira itsas ondarea jagotearen aldeko alkarte eta ekimenen artean. Kasu bakotxean, inbersinoaren % 50 berreskuratu ahal izango dabe gehienez. Lau modalidadeak honeek dira:

- Egurrezko ontzietan lanak egitea, horreek museoratzeko helburuagaz.

- Jenteari zerbitzua emoteko egurrezko ontziak hornidutea.

- Lehorreko instalazinoei balioa emotea: Ontziolak, lonjak eta portuetako elementuak.

- Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak.

Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez, igazko deialdian 26 ekimen babestu zituan. Horreen artean egon ziran euskal kostaldeko proiektu esanguratsu batzuk, berbarako, Albaola Alkartearen itsas faktoria, Bilboko Itsasmuseumaren jarduerea, Lekeitio eta Santutziko udalek ontziak eta ontziolak gordeteko martxan dituen lanak, eta beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu