Juan Luis Goenagaren ibilbidea, 128 begiradatan
2020-09-04 08:40 KultureaDonostiako Kubo-Kutxa aretoan ipini dabe artistearen atzera-begirakoa.
Bost hamarkadako ibilbide artistiko oparoa bete dau Juan Luis Goenaga pintoreak (Donostia, 1950), euskal sorkuntza garaikideko erreferente nagusietako bat bihurtzeraino. Hortaz, ibilbide hori zehaztasun eta zabaltasun handiz jorratzen dauen atzera-begirako erakusketea antolatzea behar-beharrezkoa izan da. Gipuzkoako uriburuko Kubo-Kutxa aretoak hartu dau horren ardurea.
Urtarrilaren 10era arte ikusi ahal izango dan erakusketan, 1960ko hamarkadearen azken-azkenetan hasi eta gaur egunera arteko koadroak ipini ditue: 128 koadro, 128 begirada, Goenagaren ibilbide osoa laburtu eta ulertzeko. Kronologiaren arabera eta gaika antolatuta dagoz margolanak.
Goenaga bera egon da erakusketearen aurkezpenean. Koadro asko egin dituan arren, gai gitxi landu dituala adierazo dau, beti ibili dala lau-bost gairen inguruan. Halandabe, gai horreek formatu bisualera eroateko orduan aniztasun handia agertu dau beti artista donostiarrak. Hori guztia batu eta bost hamarkadako ibilbide koherente baten batzeko ardurea Mikel Lertxundi komisarioarena izan da.
Askotarikoa eta zabala da Goenagaren obrea, atzera-begirakoan garbi ikusten danez. Hasierako urteetako adarrak, arbolak, zuztarrak eta historiaurrearen oihartzuna, ondoren paisajeak eta urietako ikuspegiak (Donostiari eskainitako seriea tartean), abstrakzinoan sartu-urten oparoak... Lertxundik azaldu dauenez, 2000. urtearen bueltan koloreen eztandea heldu zan Goenagaren koadroetara. Edozelan be, artista ziklikoa dala dino komisarioak, behin eta barriro bueltetan da aspaldi landutako gai eta koloreetara.
Erakusketearen osogarri, papelean egindako marrazki batzuk batu ditue, eta ikus-entzunezkoen aretoan bideo batzuk ikusi leitekez. Dokumental formatuan, Goenagak marrazteko erabilten dauen prozesua agiri da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!