Lekeitiora sartzeko mugak gaur eta bihar

Bizkaie! 2020-09-04 08:15   Pil-pilean

Jairik eta jente piloketarik ez egoteko hartu dabe erabagia.

Bihar, zapatua, Antzar Egun ezaguna egin behar zan Lekeition, baina aurten bertan behera itxi dabe, San Antolin jaietako egitarau osoa lez, Covid-19ari aurre egiteko. Udalak, beste erakunde eta alkarte askogaz alkarlanean, neurri zorrotzago bat be hartu dau bariku-zapaturako: Herria ixtea, kanpotik inor ez daiten sartu.

Ohar baten Udalak azaldu dauenez, beste herri batzuetan be bertan behera itxi ditue jaiak, baina halandabe, jentea pilotu da momentu batzuetan, ospakizun alternatibo txikiagoetan. Herri horreetako batzuetan positiboek gora egin dabenez, Lekeition pentsau dabe pausu bat gehiago egitea, eta kanpoko inor ezin izango da herrian egon Antzar Egunean.

Jakina, debeku horrek salbuespenak daukaz. Gaur, barikua, arratsalde partean hasiko dira herrira sartzeko mugak. Lekeition erroldatuta dagozanak, herrian behar egiten dabenak edo gaua pasetako establezimenduren baten aurretiaz hartutako erreserbea daukienak sartu ahal izango dira.

Irailaren 5a, zapatua, zorrotzagoa izango da, Lekeitioko sarrera-urteerak zarratuta egongo dira, ontziak ezin izango dira portuan sartu eta garraio publikoa ez da ibiliko. Taberna eta lokaletan kontrol zorrotzak egingo dirala aurreratu dau Udalak.

Bizkaibusen zerbitzua eteteari jagokonez, erabiltzaileek gogoan izan behar dabe ez dala ezelako alternatibarik ipiniko, hau da, autobus bakar bat be ez da sartuko egun osoan. Bilbo eta Iurretatik datorren zerbitzua Markinaraino baino ez da helduko; Gernikatik pasetan diran autobusek, ostera, Ean eta Gizaburuagan izango dabe azken geltokia, zerbitzuaren arabera.

Lekeitioko Udaleko talde politiko biek (EAJk eta EH Bilduk) adostutako adierazpenean zera dinoe: Ez daiogun itxi birusari gure herrian sakabanatzen eta kontrolau ezin dan egoera batera heltzen. Gure ekintzek ondorio larriak izan leikiez gugan eta maite doguzan personakan. Izan gaitezan zentzudunak eta jokatu daigun errespetuz, beranduegi izan orduko. Hortaz, kanpokoei eskatu deutse jaietan herrira ez joateko; lekeitiarrei, alkar jagoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu