Azucena Vieites, lehenengo euskal artistea Berlingo Bienalean
2020-09-03 12:24 KultureaBere obrearen berrirakurketa bat aurkeztuko dau.
Irailaren 5ean hasiko da Berlingo 11. Bienala, Alemanian arteari eta artistei eskainitako hitzordu nagusietako bat. Pandemiagaitik atzeratu behar izan eben edizino hau, eta, azkenik, egiteko moduan dagoz. Zemendiaren 1era arte, erakusketak, berbaldiak, topaketak... egongo dira. Lehenengo aldiz, euskal artista bat egitarau ofizialaren parte izango da, Azucena Vieites hernaniarra hain zuzen.
Etxepare Euskal Institutuaren bitartekaritzeari esker heldu da Vieites Berlingo Bienalera. Arte garaikidearen inguruko erakusketa eta topaketetan euskal sortzaileak egon daitezan ahalegintzeko helburuz lan egiten dau erakunde horrek, bertoko sortzaileak nazinoarteko testuinguruan kokatzeko. Bienalaren inaugurazino ekitaldian eta lehenengo egunetan, Etxepareko ordezkariak izango dira Berlinen.
Orain dala denporatxu bat egindako hiru obra barriro aztertu eta, remake bat balitz lez, horreetan oinarritutako instalazinoa eroan dau Vieitesek Berlinera. Coloring Book, Fundido encadenado eta Break Out of your Shell obrak berrinterpretau ditu hernaniarrak. Serigrafia, inprimatze digitala eta collage-a erabili ditu instalazino barria sortzeko. KW Arte Garaikideko Institutuan egongo da ikusgai.
Azucena Vieitesek (Hernani, 1967) ibilbide luze eta oparoa egin dau arte plastikoen munduan, 1990eko hamarkadan bere obrak erakusten hasi zanetik. Galeria zein museo ospetsuetan ikusi ahal izan dira bere lanak, esate baterako, Madrilgo Reina Sofian, 2013an. Fanzine eta mintegietan be parte hartu izan dau, gehienetan talde-lanean. Doktore tesia igaz aurkeztu eban.
Marrazkia, collage-a eta apropiazinoa erabilita, narrazino eta ezagutza-produkzino ez-linealen adierazteko ahalmena aztertzen dau Vieitesek, gai ugariren inguruko gogoeta kritikoa eginaz. Bere ibilbide artistikoan, aldarrikapen feministak eta queer-ak ohikoak dira. 2004an Gure Artea Saria irabazi eban.
Berlingo Arte Bienala urte birik behin egiten da 1996an sortu zanetik. Formatu esperimentalak eta proposamen independenteak dira antolatzaileen lehentasunak. Aurtengo edizinoa hamaikagarrena da, eta Hego Amerikako lau komisario arduratu dira 50 sortzaile ingururen lanak aukeratzeaz, tartean Vieitesena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!