Egokitu 2020, kultura eta sormen industrian barrikuntzea bultzatzeko

Bizkaie! 2020-09-03 10:45   Kulturea

Sektoreko enpresentzako aholkularitza zerbitzua da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zerbitzu barria ipini dau martxan, Egokitu 2020 izenekoa, kultura eta sormen industrien sektorean kudeaketa barritzailea sustatzeko. KSI Berritzaile programearen barruko zerbitzua da, alor horretako enpresei orientazinoa eta laguntzinoa emotea helburu dauena. Covid-19ak eragindako egoera latzaren aurrean, finantziazinoan eta digitalizazinoan lagundu nahi dau Egokitu 2020k.

Kultura eta Sormen Industriak kontzeptuak sormenari lotutako eta tradizinoz kulturearen ertzetan dabizan diziplinak hartzen ditu kontuan: diseinua, arkitekturea, modea, artisautzea, hizkuntzearen industriak, bideo-jokoak… baita sektore tradizionalagoak be, berbarako musikea, arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizinoa eta ondarea. Covid 19aren krisiak gehien kaltetu dituan sektoreetako bat danez, euren estrategia guztia aldatu eta eguneratu beharko dabe alor horretako eragile askok.

Bestetik, teknologia digitalen eraginez, produktu eta zerbitzu kulturalak aldatzen hasi dira, baita sormen-prozesuak eta merkaturako sarbidea be. Hartara, teknologiak egoera barrien aurrean negozioa indartzeko eskaintzen dituan aukerak ezagutzea behar-beharrezkoa da.

Jaurlaritzeak aurreratu dauenez, erabiltzaile klase bi izango ditu Egokitu 2020k: Batetik, euren jarduna egokitu edo aldatu beharrean dagozan enpresa eta erakundeak; bestetik, arazo jakin bat konpartiduten daben enpresen moltsoak.

Ganera, online prestakuntzea eskainiko deutse kulturearen eta sormenaren arloan dabizan profesionalei, adituek emondako Webinar-en bidez. Gehienez hamar formakuntza antolatuko ditue, bina ordu ingurukoak, 2020ko irailaren eta abenduaren artean. Landuko diran gaien artean dagoz  estrategia, bezeroak, barrikuntzea, lidertzea eta digitalizazinoaren aukerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu