Bizkaiko Eskola Kirolean izena emon leiteke, baina oraindino ez da martxan hasiko

Bizkaie! 2020-09-03 09:16   Kirola

Osasun egoerearen arabera joango dira aktibetan entrenamendu eta lehiaketak.

Ikasturte barriagaz batera, Eskola Kiroleko jarduerak be martxan jarteko ordua heldu da. Baina, aurten, Covid-19ak hankaz gora jarri ditu asmo guztiak, eta ezin da jakin Bizkaiko neska-mutilek noiz izango daben euren kirol gogokoenak praktiketako modua. Dana dala, Bizkaiko Foru Aldundiak epea zabaldu dau, erakundeek Eskola Kiroleko programetan izena emon deien.

Horrek esan nahi dau Bizkaian Eskola Kiroleko jarduerak antolatu gura dituen federazino, klub, alkarte, ikastetxe eta udalek orain egin leikiela eskabidea programearen parte izateko. Baina jarduerak noiz hasiko diran, hori beste kontu bat da. Foru Aldundiak dino oraindino ez dirala hasiko, ikastetxeetako bueltea zelan doan ikusi eta egoerea egonkortu arte ez, behinik behin.

Hortaz, ikasturtean aurrerago jarriko dira martxan Eskola Kiroleko jarduerak. Momentuan momentuko osasun egoereari be begiratuko deutse. Hobera egin ahala, lehiaketei barriro ekiteko modua zabalduko da, baina ordura arte ezin izango da partidurik, txapelketarik, topaketarik edo antzeko jarduerarik egin.

Edozein kasutan, harmailetan ez da publikorik egongo eta kirol instalazinoetako aldagelak ezin izango dira erabili. Ganera, COVID-19aren aurrean jarduteko arau orokorrak izeneko agiria adostu dabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako zein Jaurlaritzako kirol arduradunek, Osasun Sailaren onespenagaz.

Urtero, 6 eta 16 urte bitarteko 45.000 ume inguruk emoten dabe izena Bizkaiko Eskola Kirolean. Foru Aldundiak eskaintza zabala atontzen dau, 30 kirol-modalidade baino gehiagotan. 700 erakunde inguru dagoz programan sartuta. 2020-21 ikasturtean ikusteko dago zenbakioi eusteko modurik egongo dan, pandemiaren bilakaereak aginduko dau hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu